Arabako ibarretako dozenaka bizilagun batu dira igande honetan, Abiadura Handiko Trenaren eta makroproiektu fotovoltaikoen aurka agertzeko, "Arabako Ibarren Defentsan" lelopean. Burgos eta Gasteiz arteko AHTaren linearen garapena gaitzetsi dute, eta salatu eguzki plaken hedapen "gehiegizkoarekin" batera herrietako bizitza arriskuan jartzen ari direla.
"Bi orbain berri gure lurraldean", hala deitu diete energia garraiatzeko bi ebakuazio linea proiektu berriei. Bata, Solaria enpresak Erribera Beitiatik Zierbenaraino energia eramateko eraiki asmo duena, eta bigarrena Ekienea zentral fotovoltaikoak Lacorzanatik Puentelarraraino egitea aurreikusi duena.
Beste hainbat eragilek salatu bezala, Arabako ibarretako bizilagunek ere salatu dute proiektu hauek "ekosistemak, ekonomiak eta komunitateak suntsitzen" dituztela. Erakunde publikoen kudeaketa "negargarria" izan dela adierazi dute, eta enpresa handien irabaziak lehenetsi izana leporatu diete.
"Beste eredu bat posible da"
Alternatibak ere eskaini dituzte salatutako proiektuen aldean. AHTaren aurka, tren "publiko eta soziala" aldarrikatu dute, Arabako herriei zerbitzu hobea ematea ekarriko lukeena, eta eragilearen arabera ahalbidetuko lukeena bidaiarien eta merkantzien trenen edukiera eta maiztasuna areagotzea. Egungo bideak egokitu eta hobetuz egitea proposatu dute, AHTarentzako aurreikusitakoa baino askoz kostu gutxiago izango duela argudiatuta, eta garraiorako denboretan hamar minutuko ezberdintasuna besterik ez litzateke egongo, diotenez. Adif eta Renfen ordezkaritza duten sindikatu guztiek babestu dute konponbide hau, Arabako Haranak Trenaren Alde taldeak adierazi duenez.
Bestalde, energia ekoizpenari dagokionez, sistema elektriko deszentralizatua aldarrikatu dute, energia sozializatuko duena, herritarrak eragile nagusi bilakatuko dituena eta nekazaritza lurrak eta mendilerroak "okupatzea saihestuko" duena. Azaldu dutenez, Gasteizko Udalak Madrilgo Complutense Unibertsitateari eskatutako ikerketa batean erakutsi zen teilatuetan plakak jarriz gero hiriburuak kontsumitzen duena baino elektrizitate gehiago ekoitzi daitekeela urte osoan, eta argudiatu dute ez dagoela aurkeztutako makroproiektu energetikoen beharrik.
Alternatibak aztertu ditzaten eskatu dute, lurraldearen adostasun eta kohesio handiagoa lortuko dutelakoan. Bertako biztanleen beharrizanekin bat egin eta ingurumenean kalte gutxiago eragingo dituela argudiatu dute.