Valderejoko hegazti sarraskijaleen janlekuak erabilera turistikoa izango du

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2024ko abu. 25a, 08:00

Sai arreen talde bat Salbadan. Argazkia: PHOT.OK

EAEko sai arreen kolonia handiena dago Gaubean; 2019ko datuen arabera, 103 sai bikote daude parke naturalean.

Leku garrantzitsua da Valderejo hegazti sarraskijaleentzat. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan sai arreen kopururik handiena Araban dago –erdia baino gehiago–, eta kolonia handiena Valderejokoa da. 2019ko azken datuen arabera, 103 sai bikote daude Gaubeako parkean, EAEko kolonia handiena. Arabako Foru Aldundiak  ohiko bisitariak eta natura-argazkigintzaren zaleak erakartzeko asmoarekin, hegazti sarraskijaleen janlekuaren eta behatokiaren kudeaketa turistikoa aurreikusten duen proiektua esleitu du, 21.366 eurotan.

Espainiako estatuan, hegazti sarraskijaleentzako janlekuak erakargarri turistiko gisa kudeatzen dituzten herrialdeak hartu ditu eredu gisa aldundiak. "Hurbilenetako batek, Ainsako (Huesca) hegazti sarraskijaleen janlekuak, 2.000 pertsona hartzen ditu urtero udaberri-udan, bisita gidatuaren formatuan, eta 350 pertsona inguruk erabili dute hondartegiaren ondoan dagoen behatokia, faunaren argazkiak egiteko", azaldu dute.

Valderejoko Parke Naturalaren janlekua joan den mendeko 70ko hamarkadan zabaldu zuten, Lahoz herriaren ipar-mendebaldeko muino batean, bertatik 450 metrora. Hondartegiaren jarduera modu erregularrean mantendu zen 2001eko urrira arte, orduan sarraskia uzteko jarduera eten baitzen, behien entzefalopatia espongiformea gainditu arte. Hartara, 2007an hartu zen berriro hegazti sarraskijaleen janlekuaren jarduera, eta haren perimetroa hesitu zuten, 11.800 metro karratu inguru.

Halaber, duela urte batzuk, aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak hegaztien behatoki bat jarri zuen jantokian, baina gaur egun oraindik ez da erabili. "Valderejon habia egiten duten hegazti sarraskijaleen komunitateak pisu espezifiko handia du; sai arrea da protagonista, eta Lahoz, gutxi gorabehera noizean behin bisitatzen duten espezieez gain, leku garrantzitsua da hegazti mota horri dagokionez. Valderejoko janlekua, beraz, oso leku egokia da turismorako".

Hegaztiak turismora ohitu

Beraz, ekimen hori abian jarriko duen zerbitzu bat kontratatzea erabaki du aldundiak, Valderejoko janlekua eta barruan dagoen hegaztien behatokia erabiliz, parke naturalaren balio naturalak zabaltzeko. Proiektuaren lehen fasean, helburu nagusia hegazti sarraskijaleak janlekuaren eta behatokiaren erabilera turistikora ohitzea izango da,  bisitarien presentzia posible izan dadin. Horretarako, elikadura osagarria emango da hamaika hilabetez, astean behin, janlekuan eta behatokitik gertu.

Bigarren fasean, berriz, bisita pilotuak egingo dira janlekura, jarduerak ondo funtzionatzen duela berresteko. Bisita bakoitzak gehienez bost partaide izango ditu, eta oinez joango dira Lahoz herritik janlekuaren eremura. Behatokiaren barruan daudenean, hegaztiak elikatuko dira, eta bisitariak ez dira aterako sarraskia amaitu arte. Pertsona bat arduratuko da ingurumen hezkuntzako lana egiteaz, Valderejoko hegazti sarraskijaleen inguruko informazioa emanez, eta hegazti horiek naturari ematen dizkioten zerbitzu ekosistemikoak azalduz.

Unitate didaktiko bat ere landu beharko du proiektuaz arduratzen den enpresak. Unitate didaktikoa parke naturaleko hezitzaileek erabiliko dute etorkizunean Valderejoko hegazti sarraskijaleei eta bere janlekuari buruz egingo diren jardueretarako.

Argazkigintzarako egokia

Lahozko behatokia abian jartzeko orduan, aldundiak zehaztu du publiko nagusia turista orokorra den arren, kontuan izan behar dela, halaber, natura argazkigintzarako gune interesgarria izan daitekeela. "Jarduera honek eskatzen dituen eskakizun estetikoak direla eta, enpresa esleipendunak hobekuntza txiki bat egin beharko du janlekuan. Hobekuntza horretan, landare igokariak edo zuhaixkak landatuko dira perimetroko hesiaren ondoan, eta 'eszenografia' bat egingo da behatokiaren aurrean. Eszenografiak, bestalde, elementu naturalak izan beharko ditu, hala nola enborrak edo harriak, argazkiak atera edo filmatu beharreko eszena erakargarriagoa egiteko". Gutxi gorabehera 150 landare autoktono landatuko direla zehaztu dute.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago