ENBA nekazaritza sindikatuak Araba eta Bizkaia arteko mendietan, Gorbeialdean, otsoa bizirik harrapatzeko uxaldiak egitea proposatu du, ardien aurkako erasoak saihesteko. Sindikatuak salatu duenez, otsoen azken erasoa joan den ostiralean gertatu da, Urduñako mendilerroan; Goiuritik gertu bazkatzen ari zen artalde baten aurkako eraso batean lau ardi hil eta bosgarren bat oso larri zauritu zuten otsoek. Monica Meabe abeltzainaren ardiak dira.
ENBAko sare sozialetan jaso dutenez, antzeko beste eraso bat ere gertatu zen abuztuaren 9an: Gorbeiako gurutzetik gertu bazkatzen ari zen artalde batek bi eraso jasan zituen, eta beste bost ardi hil eta beste hainbat zauritu ziren. Gainera, abuztuaren 16an, ENBA sindikatuak zabaldu zuen Untzan (Kuartango) eta Kolometan (Orozko) otsoek erasoak egin zizkietela ardiei. Ganaduzaleen arabera, otso talde bat dago Gorbeia inguruan; hiru arrek eta eme batek osatzen dute, eta duela gutxi kumeak izan dituzte.
Espainiako Telebistan egindako adierazpenetan, ENBAko arduradun Iñigo Bilbaok aitortu du otsoak egon behar duela; "ez gaude otsoaren bizirautearen aurka, ezertarako ez, baina otso batzuk arazoak sortzen ari dira, ohitura horiek ez dituzte aldatuko, eta atera behar ditugu". Halaber, ENBAk erronka bota die mendietan otsoa libre egotea defendatzen duten taldeei: "hainbeste jendek otsoa babestea nahi badu, bizirik ateratzen laguntzea proposatzen dugu". Sindikatuak ez du bateragarri ikusten abeltzaintza estentsiboa eta kontrolatu gabeko otsoa.