Proiektu energetikoen eta AHTaren obraren eraginez, milaka hektarea lur okupatuko dituzte hurrengo urteetan hainbat enpresa pribatuk Erriberabeitin, Erriberagoitin, Zanbranan, Lantaronen, Berantevillan, eta Iruña Okan; batik bat herrien mendiak eta nekazaritza lurrak. Bada, "suntsiketa" horren aurrean, Arabako Ibarretako Horrela Ez eta AHTrik Ez plataformak batu dira; eta kontzentrazioa antolatu dute igandean, abuztuaren 25ean, 13:00etan, Ribabellosako plazan. Gainera, eskualdean kokatu nahi diren parke fotovoltaikoen inguruan hainbat hitzaldi antolatu dituzte azken asteetan udalerri desberdinetan.
Eusko Jaurlaritza dagoeneko 68 parke fotovoltaiko izapidetzen ari da Araban, eta parke eolikoen 14 proiektu. Gaur gaurkoz, 68 zentral fotovoltaiko horietatik 7k bakarrik dute Eusko Jaurlaritzaren baimena. Parke txikiak dira horiek, herrietan kokatuak. Proiekturik aurreratuena, ingurumen ebaluazioaren zain dago, Laminoriakoa da, Aixeindar enpresa publiko-pribatuarena.
Bestela, proiektu fotovoltaiko gehienen atzean Solaria enpresa dago. Arabako parke fotovoltaikoen 27 proiektu aurkeztu ditu, Indarberriren bidez (Energiaren Euskal Erakundearekin batera eratutako sozietatea), eta gainerakoak bere kabuz. Guztiek, azkenak izan ezik, 49,895 megawatteko potentzia aurreikusi dute; hain zuzen potentzia 50 megawatt baino gehiagokoa bada, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak du baimena emateko eskumena. Gainditzen ez baditu, izapidetzeko eskumena erkidegoarena da. Kokapenari dagokionez, parke gehienak lurraldearen erdialdean daude, batez ere Arabako Lautadan; eta horietatik 16 Gasteizen.
Cantoblanco, bertan behera
Parke fotovoltaiko horiez gain, Eusko Jaurlaritza beste 14 zentral eoliko izapidetzen ari da herrialdean. Bat baimenduta dago, Azazetakoa; sei izapidetze fasean daude: Laminoria, Kastillo, Miritxa, Ferosca I eta Mendi; beste zazpi konkurrentzia fasean daude: Jundiz, Iruña Oka, Kuartango, Aurrerapena, Ekoitzi, Haizeak eta Jarindo; eta Cantoblancoko parkearen proiektua bertan behera geratu da, Eusko Jaurlaritzaren ingurumen inpaktuaren txosten negatiboa jaso ondoren; izan ere, Eusko Jaurlaritzaren ustez, aurreikusitako 200 metroko errotek "faunarentzako interes handiko zona bati kalte egingo liokete, hegazti harrapari bikote askorentzat landatzeko eta elikatzeko eremua baita".