Estulizko gaztelua berreskuratzeko eta nabarmentzeko proiektuaren barruan, Santa Coloma Goi Erdi Aroko aztarnategia deskubritzeko aukera izan dute asteon bisita gidatu batean. Ez da nolanahiko ekimena izan, gainera, Paquita Saez de Urturi arkeologo adituak gidatu baitu txangoa.
Burdin Arotik Erdi Arora arte, Gaubeako Estuliz, Karanka, Osma, Fresneda eta Karkamu artean herri garrantzitsuak izan zirela frogatu dute azken urteetan arkeologoek, eta aspalditik populatua izan dela ingurunea, etenik gabe gaur arte. Erdi Aroko populazioaren ingurukoak xehetasun handiz azaldu ditu Saenz de Urturik, 2011n, Estulizetik gertu dagoen aztarnategian egin zuten indusketa eta aurkitutako altxorrak hizpide hartuta.
Santa Coloma Estuliz herriaren mendebaldean dagoen muino batean dago, eta hura mugatzen duten harkaitz handiek ezin hobeto ezkutatzen dute. Sai-arreen kolonia handi bat da gaur ingurunearen zelatari bakarra, arteez eta sastrakez bete baita aztarnategia, eta apenas ikus daiteke hondarrik bertan arkeologoekin edo herriko bizilagunekin joaten ez bada. Sarbidea Estuliz eta Mioma herriak lotzen dituen bidetik egiten da; Estulizko gaztelura igotzen den bide beretik doa, malda piko baten erdian.
Santa Coloma aztarnategi arkeologiko posible gisa identifikatzeko prozesua 1979an hasi zen, Felix Murga ezagunak egindako prospekzioen ondorioz. 1992an Gaubeako Mapa Arkeologikoa osatzeko egin zuten azterketan egiaztatu zuten Santa Colomari eskainitako ermita bat bazegoela; baina ez zegoen aztarnarik. Erreferentzia hori kenduta, arkeologoek ez zuten ermitari buruzko informazio gehiago. "Soilik, han antzinako herri bat egon zela beti gogoan izan zuten herriko bizilagunen lekukotzek".
Alta, 2004. urtetik aurrera, Armando Llanosek tokiari buruzko interesa agertu zuen Felix Aguilera Estulizko bizilagunak ohartarazi zuelako Santa Coloma izeneko tokian eraikinen hondakinak ikusi zituela. Datu horiek eta Murgaren bidez ezagututakoak kontuan hartuta, Llanosek baimena eskatu zuen leku horretan prospekzioak egiteko. Esku hartze hori 2006an egin zuten, eta lan horietan, Erdi Arokotzat jo zituzten tamaina txikiko zeramika zati batzuk berreskuratu zituzten, XI-XII. mendekoak, baita etapa bereko metalezko pieza batzuk ere, eta eraikin baten hondakinak izan zitezkeenak. 2011n, azkenean, lekuak behar zuen sakontasunez aztertzeko baimena lortu zuten, eta Saenz de Urturi jarri zen horretan, buru-belarri.
Bi emakumezkoren eskeletoak
Herri baten egiturazko hondarrak, berrehun metroko koadroko etxe handi bat, eta nekropoli bat agertu ziren indusketan. Herri horren azalera osoa (35.000 metro koadro) Estulizko egungo herrigunearen antzekoa da, eta guztira 35 eraikinen arrastoak aurkitu zituzten. Nekropoliaren arrastorik topatu ez bada ere, herriko eraikin erlijioso batekin zerikusia izan dezaketen bi hilobi aurkitu ziren. Teresa Fernandez Crespok egindako azterketa antropologikoari esker, gainera, jakin da bi eskeletoak 30 eta 50 urte bitarteko emakumeei dagozkiela, ama izan zirenak edo haurdunaldia amaitu zutenak. Saenz de Urturik bisitan azaldu duenez, tipologia bereko bi ehorzketa dira, Erdi Arokoak, inguru hurbilean kokatuak, baina alde kronologiko handia dutenak. Arkeologoak azaldu duenez, gainera, litekeena da inguruan hilobi gehiago egotea, indusketa berrien zain.
Bestalde, ikatz-ustiategiak ere aurkitu zituzten Santa Colomako puntu desberdinetan; eta guztira 1.550 zeramika zati. Lurreko laginen gainean egindako analisi arkeobotanikoan zerealaren ebidentziak agertu ziren, baita zereala tratatzeko prozesuen aztarna argiak ere. Saenz de Urturik azaldu duenez, eraikin batean, asto baten hondarrak ere agertu ziren, erreta.
Gaubea inguruan Erdi Aroko garaiari buruz dauden dokumentu ugarietan orain arte ezin izan da identifikatu Santa Colomako aztarnategia populazio jakin batekin, baina adituek ez dute baztertzen gertu dagoen Estulizko gazteluarekin harremana izatea, aurrez aurre baitago, eta IX. edo X. mendeen artean eraiki zutelako.