N-124 errepidean Armiñon eta Berantevilla artean, noranzko bakoitzean bi errei dituen tarte berria inauguratu dute. Bi urte eta 17 milioi euro inguruko inbertsioa eta gero, atzo zabaldu zuten errepide zatia, bertan ordezkari instituzionalak izan zirela. Tartean, Ramiro Gonzalez diputatu nagusia eta Jon Nogales Mugikortasun diputatua. Haiekin batera egon dira ere Trinidad Zarza Zanbranako alkatea, Gorka Meana Armiñongo alkatea eta David Fernandez Berantevillako alkateordea.
Agintariek aldarrikatu dute 10.000 gidari inguruk erabiltzen duten errepide horretan "bide segurtasuna indartu" nahi izan dutela. Izan ere, orain arte errepide sareko puntu beltzenetakoa izan da hori segurtasunari dagokionez, tarte luzeko zuzengune batean ibilgailu asko pilatzen zirelako, errei bakarreko errepide bat izanik.
2019an abiatu zuten lehen fasea, Berantevilla eta Zanbrana artean errepidea bitan banatuz. Orain zabaldutako tarte berriarekin, ia sei kilometroko autobia tartea erabilgarri dagoela adierazi du aldundiak. Modu berean, Zanbranako lotunea osatu dute lanek.