Skoda txekiarrarekin fusionatzeko proposamena jaso du Talgok

Erredakzioa 2024ko uzt. 16a, 10:45

Ribabellosan 700 langile ditu Talgo enpresak. Argazkia: TALGO

Aurretik, Magyar Vagon hungariarrak Talgo enpresaren %100 erosteko eskaintza egin zuen.

Ribabellosan 700 langileko tren fabrika duen Talgo enpresak baieztatu du Skoda Transportation talde txekiarrak proposamen bat egin diola bi enpresak elkartzeko. Proposamenak negozioen eta integrazio industrialaren konbinazio bat planteatzen duela adierazi du taldeak, baina eskaintza ekonomiko zehatzik egin gabe. Hala jakinarazi dio Talgok astearte honetan Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari (CNMV), merkatua ireki aurretik. 

Skoda Transportation ingeniaritza taldea da, egoitza Pilsenen duena, eta hiri eta trenbide garraiorako tren ibilgailu elektrikoak garatzen eta fabrikatzen espezializatuta dago.

Skodaren proposamena Hungariako GanzMaVag (Magyar Vagon) taldeak Talgori egindako proposamenaren ondotik iritsi da, eta horri aurre egiteko asmoarekin. Magyar Vagon konpainia hungariarrak 619 milioi euro eskaini ditu Araban faktoria nagusia duen konpainiaren %100aren truke.

Nolanahi ere, talde hungariarraren proposamenari ez dio babesik eman Espainiako Gobernuak, uste baitu Talgo operadore "estrategikoa dela, munduan teknologia bakarra duena, eta tren garraioan funtsezko eginkizuna" betetzen duena. Are gehiago, Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko ministro Oscar Puentek behin baino gehiagotan adierazi du gobernuak "kontu handiz" begiratzen diola Talgori buruz egindako erosketa eskaintza publikoari (EEP). Orain, berriz, Espainiako Gobernuak begi onez ikusi du Skodaren proposamena.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago