Baia ibaia garbitzen ari dira hamalau gazte

Erredakzioa 2024ko uzt. 11a, 16:31

Ordezkakari instituzionalen bisita jaso dute gaur gazteek. Argazkia: IREKIA

Jaurlaritzaren Auzolandegiak programaren baitan ari dira boluntariotza jardunean. Jaurlaritzak gaur egin du inaugurazio ofiziala. 

Auzolandegiak programaren baitan, hamalau gazte boluntario Baia ibaia garbitzen ari dira Pobesen. Hilaren 1etik lanean ari diren arren, Jaurlaritzak gaurdaino ez du ofizialki inauguratutzat eman auzolandegien aurtengo kanpaina, sailburuaren bisita kamera aurrean jaso arte. Horrenbestez, orain eman dute auzolandegiaren berri.

Goizean, Eusko Jaurlaritzako Gazteria sailburu Nerea Melgosaren, Gazteriako zuzendari Miren Saratxagaren era Erriberagoitiko alkate Javier Gallegoren bisita jaso dute Pobesen bildutako gazteek.

Jaurlaritzak helarazitako prentsa oharraren arabera, uda garaiko lehortea aprobetxatu dute gazteek Baia ibaiaren ibilgua garbitzeko. Jardun horretan ariko dira hilaren 15era arte, egun horretan bukatuko baitute beren boluntariotza kanpaina. Gazteak udaletxearen beheko solairuan gauak ematen ari dira. 

Orotara, EAEn mota honetako hamabi auzolandegi egiten ari direla ezagutzera eman du Jaurlaritzak, eta bertan "elkarbizitza, tolerantzia, solidaritatea, parte hartzea edo kulturarteko ikasketa bezalako balioak" lantzen ari dira.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago