Hogei urte baino gehiagoz Olentzeroren pertsonaia gorpuztu duen Roman Gutierrezen izena jarri dio Iruña Okako Udalak Langraiz Okako frontoiari. Modu horretan, herriko haur guztiak ilusioz bete dituen pertsona omendu nahi dute. "Iruña Okako Udalak Roman Gutierrezen dedikazioa aitortu nahi izan du, urte hauetan guztietan udalerriko bizitza sozial eta kulturalean aktiboki parte hartu baitu", azpimarratu du udalak.
Iragan martxoaren 17an egin diote omenaldia herriko Olentzerori, eta frontoiaren sarreran plaka bat estalgabetu dute bere izenarekin. Roman Gutierrez bera eta bere familia, Iruña Okako alkatea, udaleko zinegotziak eta Olentzerori maitasuna helarazi nahi izan dioten ehunka herritar izan dira bertan.
Ekitaldian, Miguel Angel Montes Iruña Okako alkateak eskerrak eman dizkio Roman Gutierrezi, urte hauetan guztietan udalerriko kulturaren alde egindako lanagatik, eta, bereziki, urtez urte Olentzeroren figura gorpuzteagatik, "herriko haurren belaunaldiak zoriontsu eginez". Romanen emazte Elvira Ortiz de Zaratek frontoiaren izena duen plaka estalgabetu du.