786 etxebizitza berri eraikiko dira Iruña Okan

Erredakzioa 2024ko mar. 20a, 15:44

685 etxebizitza berri eraiki ahalko dira Langraiz Okan. PHOT.OK

Aldundiak Iruña Okako Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria onartu du.

Arabako Foru Aldundiak Iruña Okako Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria onartu du. Duela ia 25 urteko Plangintzako Arau Subsidiarioak ordeztuko ditu, eta datozen urteetan udalerria garatzeko hirigintza esparru berria zehazten du. Horren baitan, guztira 786 etxebizitza gehitzea proposatzen da. Horietako 685 Langraiz Okan eraikiko dira, eta gainerakoak inguruko herrietan: Mandaitan, Olabarrin, Tresponden eta Bilodan. Kopuru horren %65 baino gehiago babes publikoko etxebizitzak izanen dira.

Lehengo arau subsidiarioetan planteatzen ziren hiri lurzoruak eta lurzoru urbanizagarriak mantentzea planteatzen da, eta doikuntza txikiak baino ez dira egiten. Halere, lurzoru urbanizagarriaren kokapena aldatu egiten da Langraiz Okan: udalerriaren iparraldean dauden lurzoru urbanizagarriak murriztu egiten dira, eta ekialderantz zabaldu egiten da, herriaren ekialdean baitaude hezkuntza ekipamenduak, eta orografia egokiagoa da, herriaren ehunaren jarraitutasunari begira.

Bestalde, udalerria komunikazio eta industria jardueraren ardatz garrantzitsu batean kokatuta dagoenez, lehendik dauden industria lurzoruak mantentzeaz gain, udalerriko industrialde nagusiak handitzea proposatzen du HAPO berriak. Hala, bi industrialde handituko lirateke: Los Llanos industrialdeak 42 hektarea gehiago hartuko ditu, N-1 autobiaren eta Abiadura Handiko Trenaren etorkizuneko trazaduraren artean; eta Subillabidek 54 hektarea inguru gehiago, dauden trenbideen eta Jundizko muinoaren magalen artean. Sektore horrek Subillabideko egungo industrialdea eta Gasteizko Jundizeko poligonoa lotuko ditu, bi udalerrietako industria-ehunari jarraipena emanez.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago