Arabako Foru Aldundiak Espejo eta Lalastra arteko bizikleta bidea egokitzeko obrak amaitu ditu. Funtsezko bide zatia da Gasteiz eta Valderejo lotzen duen ibilbide beredearen distantzia luzeko proiektu orokorraren barruan. Aurreikusitako ibilbideak 13,5 kilometro ditu, eta Lalastra herrian dagoen Valderejoko parketxea eta Uribarri Gaubea eta Espejo lotuko ditu. Gainera, aukera emango du lotzeko eremu horretatik igarotzen diren GR-1 Ibilbide Historikoa eta GR-282 Artzaintza Naturabidea ibilbide berdeekin.
Esku hartze honek Araba Uraren eta Biodibertsitatearen Erreserba proiektuan jasotako jarduera lerroetako bati erantzuten dio; mugikortasun jasangarria sustatzeko helburua du; eta ibilbide berdeen sarea lurralde mugakideen sareekin batzea bultzatzea ahalbidetzen du. Lanak egiteko 173.255,98 euroko inbertsioa egin da.
ALHko Ibilbide Berdeen Sarea, 1.100 km baino gehiagoko ibilbideak ditu, Arabako Bizikleta Bideen eta Ibilbide Berdeen Lurralde Plan Sektorialean identifikatuta dago, eguneroko mugikortasunerako eta aisialdiari eta naturarako sarbideari lotutako mugikortasunerako oinarrizko sare gisa.
Lan ildo horren helburua da "garraiobide bigunak" ahalbidetzea, lurraldeen arteko komunikazio eta konexiorako alternatiba gisa, hala nola bizikleta eta oinez ibiltzea, garraiobide publikoekin batera. Azpiegitura berdea bultzatu eta hobetzeaz gain, aldi berean natura eta landa ingurunera hurbiltzeko eta bizi ohitura osasungarriak errespetatzeko modu bat sustatzen da, klima aldaketa arintzen eta hartara egokitzen laguntzeaz gain.