Langraiz Okan kokatuko dira Gestamp eta Frilesa

Erredakzioa 2024ko mar. 4a, 09:04

Subillabiden "fabrika adimendua" zabalduko du Gestamp multinazionalak- Argazkia: GESTAMP

Automobilgintzako osagaiak egiteko planta eraiki berri du Gestampek Subillabiden; Frilesak, berriz, haragia prozesatzeko fabrika bat zabalduko du Los Llanosen.

Bi enpresa berrik, Gestamp multinazionalak eta Cárnicas Frilesak, Iruña Okan ezartzeko pabiloi industrial bana eraikitzeko lanak amaitu dituzte. Gestampek automobilgintzako osagaiak ekoizteko azken belaunaldiko planta bat instalatuko du Subillabiden; Cárnicas Frilesak, berriz, haragi-produktuak zatitzeko eta prozesatzeko jarduerari laster ekingo dio.

Gestamp enpresaren faktoria Subillabide industrialdean kokatuko da, Ofita bulegoko materiala fabrikatzen duen enpresaren I+G instalazioak urteetan hartu zituen lursailean. Konpainia horrek alde egin ondoren, Sprilur sozietate publikoak eskuratu zituen pabiloiak, eta orain Gestamp enpresari alokatu dizkio. Multinazionalak automobilerako osagai metalikoak diseinatu, garatu eta fabrikatzen ditu, eta beroan altzairua estanpatzen espezializatuta dago. Subillabiden, "fabrika adimenduna" jarriko duela aurreratu du. "Kontzeptu berri bat da, robotek elkarren artean sinkronizatuta jarduten duten lan gelaxketan edo uharteetan prozesuen automatizazioa eta digitalizazioa lehenestea bilatzen duena".

Iruña Okan kokatzeko orduan, Subillabideko industrialdearen konektibitatea lehenetsi du Gestampek, A-1 errepidearen ertzean, eta bezero nagusietatik –Gasteizko Mercedesetik eta Iruñeko Volkswagenenetik– gertu.

Haragi-prozesamendua

Bestalde, Cárnicas Frilesak baimenak eskatu dizkio Iruña Okako Udalari San Jose de los Llanos industrialdeko nabe bat eraberritzeko. Nabeak 7.079 metro koadroko azalera du, eta lehen Muebles Milford zegoen bertan. Gasteizen ere lantegi produktibo bat du enpresak, eta gaur egun dagoena eraberritzen ari da, haragi-produktuetara egokitzeko. Instalazio berriek haragi-produktuak egiteko gune bat, biltegiratzeko beste bat eta administrazio eta osasun erabilerarako bi solairuko gune bat izango dituzte.

Lurzatira sartzeko, egun dauden ibilgailuentzako bi sarbideak mantenduko dira, eta oinezkoentzako sarbidea ere mantenduko da. Frilesak esperientzia handia du haragi-industrian. Ekoizpen-lerro garrantzitsuenak, alde batetik, produktu freskoa eta, bestetik, izoztua dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago