Zazpi mila urte baino gehiago duen hezurrezko puntzoi bat deskubritu zuten iaz Gesaltza Añanako Gatz Haranean egindako indusketetan, "garai hartako trebetasuna eta bizitza erakusten duen Neolitiko leiho bat". Añanako Gatz Harana Fundazioaren eta Frantziako Ikerketa Zientifikoaren Zentro Nazionaleko Trajectoires. De la sédentarisation à l'état laborategiaren arteko lankidetzaren ondoriozko aurkikuntza da.
Puntzoiak funtsezko tresnak izan ziren garai horretan, eta larruzko, egurrezko eta hezurrezko objektuak zulatzeko eta modelatzeko erabiltzen ziren. "Aurkikuntza honek iradokitzen du Neolitoan Añanako Gatz Harana gatzaren ekoizpenean aurreratua izateaz gainera, funtzio anitzeko tresnen manufakturan ere komunitate aurreratua izan zela".
Fundazioaren arabera, Gatz Harana oso antzinatik gatza ekoizteko gune neuralgikoa izan zela erakusten du aurkikuntzak, eta Añanako Gatz Haranaren garrantzia azpimarratzen du: "Neolitoko komunitateen sofistikazioa eta eskualdean izan duten eragin iraunkorra begi bistan jarri du aurkikuntzak", esan dute.
Lau urteko ikerketa proiektua
Frantziako Trajectoires laborategia Gatz Harana Fundazioarekin batera egiten ari den lau urteko (2021-2024) ikerketa proiektuari esker, Europako eta munduko gatz-haztegi zaharrenen inguruan egin duen lanketa zabaldu nahi du, izan ere oso gutxi aztertu da orain arte gatz haztegiek sedentarismoaren eta kolonizazioaren prozesuetan izan duten zeregina.
"Añanakoa bezalako Neolitoko gatz-haztegiak K.a. 4700 urtekoak dira gutxienez, eta Iberiar Penintsulako iparraldeko kolonizazioaren eta sedentarismoaren prozesuetan zeregin garrantzitsua izan dezakete. Lau urteko proiektu honek zenbait gatz baliabideren garrantzia azpimarratu nahi du, hala nola Añanako gatz iturriena, bai eta Europa mendebaldeko lehen nekazariak erakartzeko eta egituratzeko duten gaitasuna ere", adierazi du Trajectoires laborategiak.
Azaldu dutenez, gainera, Añana inguruko eskualdea oraindik ez dago oso dokumentatuta historiaurrean eta protohistorian, eta Añanako gatzagetan egiten ari den ikerketari esker, Mediterraneoko lehen gatz ekoizpenen eragin sozioekonomikoa ebaluatu ahalko dute, eskualde mailan eta haratago ere. Hartara, aztarnategi arkeologikoak identifikatzeaz eta indusketa zehatzaz gain hainbat analisi egiten ari dira in situ eta ex situ.
"Azterketek eta zundaketek hobetu egingo dituzte eskualdean aurrez identifikatutako aztarnategien testuinguru datuak, inbentarioak eta datu-baseak (babesleku harritsuak, kobazuloak, megalitoak, etab.), eta aukera emango dute Mediterraneoko historiaurreko lehen gatzaga horien eta haien paperaren egitura eta eragina ebaluatzeko, Pirinioetako mendietako neolitizazio-prozesuei dagokienez baita megalitismoaren, artzaintzaren eta truke-sareen garapen nabarmenari dagokionez ere, K.a. bosgarren milurtekotik aurrera".