Jatorri naturala duen lakurik garrantzitsuena da Caicedo-Yuso eta Arreokoa, eta horrek aukera eman du aspalditik ur masei lotuta dauden kondairen sorrerarako. Toki askotan, lakuen sorrera Jainkoaren mendeku bati egozten zaio, herri batera iritsi eta eskale baten moduan agertu den santu bati edo Jesukristori berari behar bezalako arreta eman ez zaiolako. Uste da germaniar jatorriko kontakizun paganoa dela, kristautua. Gure aldaeran, umetxo bat eskuetan duen andre batek ostatu batean ogi pixka bat eskatzen duenean abiatzen da istorioa. Bertako jabeak hiru aldiz agindu zuen ore puska txiki bat labean sartzeko, baina egosi ondoren beti ogi izugarri handia ateratzen omen zen. Gogaituta eta haserreturik, jabeak eskatu zuen andre eskalea ostatutik botatzeko. Alabaina, etxearen atarian zirela, neskameak bere ogi zati bat eman zion ezkutuan, ostatuko jaunari ezer esan gabe. Esker onez, andre misteriotsuak neskameari esan zion etxetik aldentzeko. Handik gutxira, bat-bateko uholde batek ostatua estali zuten, behin betirako. Orduan konturatu zen neskame hori andrea Ama Birjina bera zela, eta bere jaunaren berekoikeria modu latz honetan gaztigatu zuela. Herrira korrika abiatu zen, gertaera horren berri emateko. Lakuko Ama Birjinaren baseliza eraiki zuten ondorioz.