Fosilizatutako itsas trikuek (micraster) ezaugarri miresgarriak zituztela uste izan da iragan mendeetan. Izatez, ezohiko "harri" mota horrek ezaugarri morfologiko bereziak eta ezohikoak ditu: bihotz baten forma dute, eta, gainera, goiko aldean, gurutze formako marka bat. Hartara, antzina, fosil horiek izaera sakratua, naturaz gaindiko jatorria eta aparteko bertuteak zituztela uste izan da. Araban, Badaiako Santa Katalinaren komentuaren inguruan oso maiz agertzen diren fosilak kondaira eta usadio zahar askoren oinarri izan dira, eta izen ugari ere eman izan zaizkie han eta hemen: katalinak, galbarroak, gurutzearen harriak, santoscristos, tximistak… Badaiako Santa Katalina ingurukoek kutun bezala erabiltzen zuten fosila, eta efektu zoragarriak egozten zizkioten. Hala, harririk txikienak zilarrean bildu, bedeinkatu eta lepoan jartzen zituzten. Batzuek zioten eromenaren aurka eraginkorrak zirela; beste batzuek, berriz, ekaitzen aurka. Kuartangon, esaterako, ahuntz gazta ona ateratzeko erabiltzen zituzten, gazta tapatzeko momentuan; eta nekazariek asko zaintzen zituzten harriak. Alta, beste toki batzuetan, tximistarekin lotzen zuten harri miresgarria; izan ere, Kontrastan, Uzkion edo Trebiñun, adibidez, lurraren kontra jotzen duten tximisten hondarrak zirela uste zuten.