Aurrekontu akordioa Gaubean, energia berriztagarriak sustatzeko

Erredakzioa 2024ko urt. 1a, 08:00

Uribarri Gaubea, udalerriko herriburua. Argazkia: Wikipedia (Assar)

Gaubeako Udalak 125.000 euro izango ditu guztira udalerrian energia berriztagarriak sustatzeko, EAJren udal gobernuak eta EH Bilduk 2024ko aurrekontuen inguruan lortutako akordioari esker.

Abenduaren amaieran, Arabako beste zenbait udalerritan gertatu den bezala, Gaubean (Añana) ere 2024ko udal aurrekontuak babestea erabaki du EH Bilduk, EAJk bere proposamenak onartu ostean. Zehazki, energia berriztagarriak sustatzeko 125.000 euroko partida onartu du udal gobernu jeltzaleak, udal talde subiranistak proposatuta.

EH Bilduk ohar batean azaldu duenez, partida horrek bi fase izango ditu: lehenengo fasean, azterketa bat egingo da, energia berriztagarrietako instalazioak jar daitezkeen eraikin publikoen baldintzak ezagutzeko, hala nola udaletxea edo udalaren kirol instalazioak; ondoren, udalerrian energia alternatiboak sustatzeko beharrezkoak diren materialak hornitzea eta instalatzea planteatuko dute.

Aurrekontu proiektua "iazkoaren antzekoa" dela aitortu duen arren, Gaubeako EH Bildu pozik agertu da bere ekarpenak onartu direlako. "EH Bilduk, ekimen honen bidez, konpromisoa hartzen du klima aldaketaren arazoa hobetzen lagun dezakeen guztia aplikatzeko, eta arazo hori konpontzeko neurriak premiaz emateko urtez urte", azpimarratu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago