Gesaltza Añanako 150 andreen dohaintza

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023ko abe. 16a, 08:00

Gesaltza Añanako zergadunen zerrenda bat aztertu du Petersonek. PHOT.OK

Erdi Aroko emakume nekazarien boterea erakusten duen agiria aztertu du David Peterson Erdi Aroan Historiako doktoreak. XII. mendean, Santo Domingo de la Calzadako katedrala eraikitzen laguntzeko donazioa egin zuten 333 arabarren artean erdiak emakumeak izan ziren.

Elfa, Maria, Godo, Elvira, Justa, Oro, Giga, Musia, Toda, Anderkina… Guztira, 150 emakume izen  jaso dira Santo Domingo de la Calzadako (Errioxa, Espainia) katedralaren eraikuntzan lagundu zuten 333 arabarren errolda batean. XII. mendekoa da emaileen zerrenda hori, eta hain justu 1156. urteko abuztuan egindako dohaintza bat jasotzen du. Gesaltza Añanako zergadunen zerrenda bat da salgaiekin, kasu honetan gatzarekin, kopuru jakin bat ordaindu zuten nekazarien errolda bat.

"Jendeak uste baino botere handiagoa zuten emakumeek"

David Nicholas Scott Peterson Erdi Aroan Historiako doktore eta Burgosko Unibertsitateko irakasleak aztertu du arabarren errolda hori. Zerrenda atipikoa dela nabarmendu du, eta bakarra Euskal Herri osoan. "Garai horretarako, XII. menderako, agiri aparta da. Ez dago antzeko testurik, ez hurbil, ez urrun. Arabarren izenen zerrenda hain luzearen eta oparoaren erreferentziarik ez dugu aurkitu ez Nafarroan ezta Errioxan ere; eta, jakina, Araban ez dago antzeko agiririk. Errolda hori bakarra da Euskal Herri osoan", ziurtatu du ikertzaileak.

Are gehiago, 333 pertsona horietatik erdiak emakumeak izatea oso ezohikoa dela azpimarratu du Petersonek, oro har, Erdi Aroko dokumentazioan, gizon gehiago agertzen baitira emakumeak baino, "bederatzi eta bat proportzioan". Horregatik, hain zuzen, emakumeen izen propioen jatorria eta haien esanahia oso ezezagunak dira. "Euskal Herriko Erdi Aroko emakumeen antroponimiari buruzko azterlan bakarra dago: hiru mende hartzen ditu, X. eta XII. mendeen arteko tartea, eta ehun emakume izen baino ez ditu jaso; Santo Domingo de la Calzadako erroldan, ordea, 150 emakume daude", nabarmendu du Petersonek.

Zergatik hainbeste emakume?

Erabat ohiz kanpokoa da, beraz, Gesaltza Añanako emaileen errolda. Batetik, "komunitate bakar bati buruz hainbeste aipamen izatea oso deigarria" delako. Bestetik, "emakumeen agentzia proportzio izugarrian" agertzen delako.

Petersonek aipatu duenez, emakumeen izenen azterketaz bestalde, andreen kopuru handia argitzea litzateke interesgarriagoa, hain zuzen zergatik agertzen diren hainbeste emakume Santo Domingo de la Calzadako agirian eta horren gutxi garaiko beste dokumentuetan. "Ez dakit oso ondo zein den erantzuna", aitortu du irakasleak. "Oro har, Erdi Aroko dokumentazioan, gizonak gehiago agertzen dira, normalean familiako buruari buruz hitz egiten dutelako agiriek". Errioxako katedralaren dohaintza erroldan ere, kasu batzuetan, "halako eta bere emazteaz hitz egiten da, eta ez da emakumearen izenik aipatzen, alegia, emakumea isilarazten da; baina, hala ere, 150 emakume daude", esan du.

"Mota horretako errolda bakarra da Euskal Herrian"

"Lehen zatian gorde diren 227 izenen artean, 75 emakume ageri dira, senar bati inolako erreferentziarik egin gabe. Ez dakigu senarrik ez duten, ezkongabeak diren edo alargunak diren. Garaiko zerga sistema asko etxean oinarritzen dira, eta, beraz, hipotesi bat izan daiteke alargunak izatea, baina asko dira lurralde txiki baterako; azalpen eskasa da. Guztiak ezkongabeak izatea ere ulergaitza da", esan du irakasleak.

Argi dago dirua eta ondasunak kudeatzen dituzten emakumeen aurrean gaudela. "Agian, garaiko emakumeei buruz jendeak izan dezakeen irudiaren aurka doa, baina argi ikusten dugu emakumeen agentzia, uste baino botere ekonomiko handiagoa dute". 

Nekazariak, nobleen ordez

Ahalmen ekonomikoa dute, bai; baina ez dira nobleak. "333 pertsona horien artean noble bakarra aipatzen da. Nekazariak edo jornalariak, jabetzarik gabeko nekazariak, dira". Agian gazkinak. 
Petersonen aburuz, oso interesgarria da Gesaltza Añana inguruko herrietako emaileen zerrenda horretako pertsonak nekazariak izatea, Erdi Aroko  dokumentazioan klase boteretsuenak soilik agertu ohi direlako: "Beste ikerketa batzuetan erreginak aztertzen dira, goi noblezia, baina XII. mendeko nekazariak ezezagunak dira".

Goi Errioxako dokumentazioan aditua da Peterson, eta Santo Domingo de la Calzadako katedralak gorde dituen hiru kartularioak aztertu ditu. Horren parte da Gesaltza Añanako errolda. "Dokumentu aberatsa da eta hainbat azterketa-lerro zabaltzen ditu. Bata botere aristokratikoari buruzkoa da, eta dohaintza horren zergatia azaltzea. Beste alderdi bat zerga bat den ala ez argitzea litzateke, eta horren inguruko dinamikak". Galdera nagusia da, beraz, zergatik ordaintzen duten Gesaltza Añanako emakume horiek eta gizon horiek Santo Domingo de la Calzadan eliza bat eraikitzeko.

"Dirudienez, arrazoia Ladron familiako konde baten heriotza da. 1156 inguruan Jimeno Ladron kondea hil zen. Hori ez da esplizituki aipatzen, dokumentua partzialki moztuta dagoelako, baina nire intuizioa da, nire hipotesia, bere semeak sustatutako eskaintza bat dela, bere aitaren oroimenez". Petersonek azaldu duenez, Santo Domingo de la Calzadaren eta Gesaltza Añanaren arteko lotura Ladron familia da. "XII. mendearen lehen erdian, Nafarroa eta Gaztelaren arteko mugako familiarik garrantzitsuenetakoa da Ladron kondeena, eta zehazki, Arabakoa eta Errioxa Garaiaren mendebaldekoa, eta halaber, dokumentatuta dago Gesaltza Añanako eta Garañongo (Errioxa) jaunak direla Ladron kondeak. Hor badugu azalpen bat".

"Maria izenaren aparteko kopurua ageri da erroldan"

Zalantzan dago, berriz, zenbateraino den borondatezkoa añanarren ekarpena. "Erabat borondatezkoa ez da izango, baina zalantzan nago ea kondeak donazioa egitea nahi duen ala inposatutako zerga bat den. Benetako zerga bada, zer zergapetze mota den jakin behar da, eta zaila da horrelako dohaintzaren aurrekaria aurkitzea. Jarraitutasunik ere ez dago, eta badirudi Añanako bizilagun bakoitzaren ekarpen pertsonala dela. Emaileen erdiak emakumeak izateak borondatezko dohaintza izatea ere pentsarazten dit".

Izen kanonikoak

Aztertu beharreko beste alderdi bat antroponimia da. Izan ere, Burgosko Unibertsitateko irakasleak azaldu duenez, XII. mendean, pertsona izenak "homogeneizazio" fase batetik pasa ziren. Aurreko mendeetako antroponimia aberastasuna desagertuz doa eta pixkanaka izen kanonikoekin ordezkatzen dira lehengo izenak.

Hala, Erdi Aroan izen asko eta asko errepikatzen dira. "Gizonezkoen kasuan, Juan, Martin, Domingo... Izen horiek nagusitzen dira, Bibliako izenak". Emakumen kasuan, gauza bera gertatzen da. Maria edo Mari izen laburtua nagusitzen dira Erdi Aroko agirietan; eta gainera, Añanan beste toki batzuetan baino proportzio handiagoan agertzen dira izen horiek. Hala, berrogeita hamar Maria baino gehiago daude Gesaltza Añanako emaileen zerrendan, "aparteko kopurua". Godo izena ere hamahiru aldiz jasotzen da, eta zazpina aldiz berdinduta, Elvira eta Justa agertzen dira –azken hau, dirudienez, Añanarekin lotutako izena da–. Oro, Marina, Sancha, Mayor, Toda ere jasotzen dira."Batzuk nahiko ohikoak dira Erdi Aroan, Nafarroarekin lotuta, baina Añanan beste leku batzuetan baino gutxiago daude, Araba mendebaldeko muturrean dagoelako, eta beraz, Gaztela mendebaldeko antroponimiak pisu handiagoa duelako. "Ez da harritzekoa, Gaztelako mugan dagoen eskualde horren historia kontuan hartzen baldin badugu", zehaztu du Petersonek. Halere, zerrenda osoaren buruan Elfa andrearen izena agertzen da, "dokumentatzen den bakarra", eta beste izen bitxiago batzuk ere, Giga, Musia, edo Silga. Euskal antroponimiarekin lotuta oso izen gutxi jaso dira: "Hiru aldiz agertzen da Anderkina, baina aurreko mendean oso arrunta izan zen Anderazo izena, adibidez, ez da agertzen".

Petersonek aztertu duen Santo Domingo de la Calzadako errolda ez da guztiz ezezaguna. Alberto Plata Gatz Haraneko Kultura eta Ikerketa buruak ere ikertu eta Gesaltza Añanari buruzko liburu batean jaso zuen. "Agiria nahiko ondo landu du Platak. Ez da primizia bat. Gertatzen dena da Gesaltza Añanako udalerriari buruz hitz egiten duten dokumentuetara mugatzen dela, eta hori erroldaren erdia baino ez da". Beste erdia inguruko herrixkak dira: Basquiñuelas, Arbigano, Biloria, Caicedo-Yuso, Arreo... "Nire ustez, interesgarriagoa da multzo osoa aztertzea, Gesaltza Añanako jurisdikziotik harago Arabako nekazariei buruzko datu kopuru hori izatea interesatzen zaigulako. Platak azterketa bikaina egin zuen, baina erroldaren zati bat bakarrik aztertu zuen, eta inplikazio historikoak jaso gabe"

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago