Euskararen Eguna

Merkatu bereziarekin batera ospatu dute Euskararen Eguna Gaubean

Erredakzioa 2023ko abe. 3a, 16:34

Gasteizko Arai Erraldoien konpartsak alaitu du Uribarri Gaubeako tokiko ekoizleen merkatua.

Goizeko lehen ordutik hasi da girotzen Uribarri Gaubeako frontoian hilabetero egiten den tokiko ekoizleen merkatua. Abendukoa bereziagoa izaten da, ohi baino ekoizle gehiago izaten direlako bertan, eta azken urteetan, Euskararen Egunarekin batera jarduera bereziak ere antolatzen direlako. 

Añanako Kuadrillako Euskara Zerbitzuaren eskutik, Arai konpartsa izan da aurten Gaubean. Umeentzako buruhandiak egiteko lantegia egin dute udal liburutegian, eta arrakasta handia izan du jarduerak. Eguerdi partean, berriz, buruhandi txikiek  konpartsako erraldiak lagundu dituzte frontoitik eliza pareko plazara egin duten kalejiran. 

Erraldoiekin, buruhandiekin eta musikarekin batera, abenduko nobedadea Basotik-Valpuesta proiektuaren aurkezpena izan da. Valpuesta herriko ogi-labea berriro martxan jarri dute Idoia Perez Garciak eta Hodei Arrausik, eta lehen artisau ogi ale ekologikoak aurkeztu dituzte merkatuan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago