LABek ohar bidez salatu du Iruña Okako Udalak Arrate zentroko langileen lan baldintzen "funtsezko aldaketa" onartu duela, bertako hiru begiraleen lanaldia erdira murriztuz, "eta, ondorioz, haien soldata proportzionalki txikituz". Lanaldien murrizketak langileen etorkizuna arriskuan jartzen duela azpimarratu du sindikatuak.
Udalak "edozein enpresa pribaturen moduan" jokatu duela gaineratu du LABek, "aldez aurretik elkarrizketarik edo kontsultarik egin gabe" aplikatu duelako neurria, eta lanaldien murrizketa egun batetik bestera jakinarazi dielako langileei, "gutun bidez".
Sindikatuaren arabera, Michel Montes alkateak hartutako neurria defendatu du azken udalbatzan. "Konponbideak bilatu beharrean, neurria defendatu du edozein enpresaburuk eman ditzakeen argudio berberekin; murrizketaz aritu beharrean, zerbitzuaren optimizazioaz hitz egin du, zerbitzuaren eta instalazioaren kudeaketa kaxkarrean berak duen erantzukizuna alde batera utziz".
Langileak, baina, "ez dira besoak gurutzatuta geratuko, eta beren lanpostuak defendatzeko erabaki irmoa hartu dute". LAB sindikatuak elkarrizketarako deia egin du, "ezarri direnen moduko neurri traumatikoak ekidite aldera".