Jordi Evolek Rozalen elkarrizketatu du Kuartangoko landa topaketan

Erredakzioa 2023ko ira. 22a, 20:05

Kuartangoko Kedada Handiaren inaugurazioan Evole eta Rozalen izan dira protagonista nagusiak. Larunbatean abeslariak kontzertu akustikoa eskainiko du.

Gaur arratsaldean, Kuartangoko bainuetxean izan da Jordi Evole kazetaria, goizean Donostiako 71. Zinemaldiaren lehen egunean, prentsarentzako emanaldian, No me llame Ternera filma estreinatu ondoren. Evolek eta Marius Sanchez del Barriok zuzendu duten filmaren inguruan azken asteetan sortutako polemikak ez du trabatu Evolek Rozalen abeslariari egin dion elkarrizketa. Kuartangoko Kedada Handiaren programaren barruan, ehundik gora lagunen aurrean solastu dira kazetaria eta musikaria. Landa eremuko kezkak izan dituzte hizpide.

Bigarren aldia da Evole Kuartangoko topagunera hurbiltzen dela, eta Rozalen lehenbizikoz egon da Añana aldean. Sorkuntza betean dagoela azaldu du kantariak elkarrizketan, eta Madrilgo herri txiki batean, ortuan, txakurraren eta katuaren konpainiarekin baina intimitatean ari dela kanta berriak osatzen. Amodioa eta heriotza izanen dira diska berriaren zutabeak, eta hurrengo urteko udaberrirako kalean egonen dela iragarri du.

Albaceteko Letur herriko bere haurtzaroko oroimenak gogoratu ditu Rozalenek publikoaren aurrean, eta herriko irudiak lagunduta bidaia birtual batean ere lagundu die bertaratutakoei.

Kuartangoko Kedada Handiaren bigarren egunean, larunbatean, Rozalenek kontzertu akustikoa eskainiko du bainuetxeko antzokian, 18:30ean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide