Arabako Haranak "mehatxupean" daudelako, kontzentrazioa deitu du Arabako Tren Sozialaren aldeko plataformak Ribabellosako plazan, igandean, hilaren 16an, 13:00etan. Azaldu dutenez, AHTaren lanak egiteko zundaketa eta prospekzio eskaeren uholdea dela eta hartu dute elkarretaratzea deitzeko erabakia. Prospekzio hauek Burgos eta Gasteiz lotuko dituen abiadura handiko korridore berriaren obrak egiteko lehenengo pausuak direla esan dute plataformako kideek.
"Honengatik, jende guztiaren babesa eta mobilizatzea eskatzen dugu prospekzio hauek gelditzeko. Izan ere, zentzurik gabeko proiektu horren aurrean benetako konponbideak daude, bideragarriak eta egiaztatuak, trenaren egungo trazadura berrerabili, egokitu eta hobetzetik pasatzen direnak".