Arreta orduak murriztuko dira Langraiz Okako osasun etxean

Erredakzioa 2023ko uztailaren 3a

Osasun etxeak 10:00etatik 17:00etara funtzionatzen zuen orain arte. Argazkia: IRUÑAKO

15:00etatik 17:00etara, egunero, Iruña Oka osasun zerbitzurik gabe geratuko dela salatu dute landa eremuko osasun langileek.

Langraiz Okako osasun zentroak bere zerbitzuak 08:00etatik 15:00etara eskainiko dituela jakinarazi diete "modu ofiziosoan" Arabako ESIko arduradunek bertako langileei. Horrenbestez, 15:00etatik 17:00etara, egunero Iruña Oka osasun zerbitzurik gabe geratuko da, Gasteizko EAGk (Etengabeko Arretako Gunea) eremu hori zaintzen duenak, 17:00etatik aurrera bakarrik lan egiten baitu. Orain arte, 10:00etatik 17:00etara funtzionatzen zuen Langraiz Okako osasun etxeak.

Hala, 15:00etatik 17:00etara, premiazko abisua ematen bada, larrialdietako koordinazio zentroa arduratuko da beste landa eremu batzuetako langileak mobilizatzeaz. "Horrek, jakina, kalte handia dakar ematen ari den asistentzia kalitatean", esan dute langileek. Era berean, gogoratu dute profesionalek beren oinarrizko eremutik Langraiz Okara egiten duten bidaia "40 kilometrokoa edo gehiagokoa" izango dela kasu batzuetan, eta desplazamendua osasun langileen auto partikularretan egiten dela kontuan hartuta, "erantzuteko denbora asko luzatuko da".

"Beste behin ere, landa-eremuko zerbitzuen murrizketa" ikusten dute langileek. "Egokitzapena dei dakioke sailburuak, edo nahi duena esan, baina kaltetutako bizilagunek zein inplikatutako profesionalek oso ondo dakigu egoera horri izena jartzen".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago