Gaztela eta Leongo Auzitegi Gorenak 30 urteko zigorra berretsi du 2017an Lantaronen bikotekidea hil zuen gizonarentzat, hilketa hori estaltzeko Miranda Ebron bi emakumeri mailu batekin eraso egiteagatik.
Epaiak frogatutzat jo du gizonezko horrek mailuz egindako erasoak ere egin zituela. 2017an gizonak onartu zuen bikotekidea Lantaronen hil izana, emakumeak banatzeko eskatu zionean. Hil eta gero, haren gorpua Miranda Ebrora eraman zuen, eta haren autoan bertan utzi zuen. Hilketa horregatik 21 urteko zigorra jaso zuen hiltzaileak.
Halere, Miranda Ebron mailuz egindako bi erasoak ez zituen onartu, bertan ez zegoela argudiatuta. Orain epaiak frogatutzat eman ditu Espainiako Poliziak aurkeztutako frogak, segurtasun kamerek hartutako irudietan eta sakelako telefonoaren seinalean oinarrituta. Horien arabera, gizonezkoa inguruan ibili zen erasoen unean, baina defentsak argudiatu du sarritan ibiltzen zela Burgosko herri mugakidean. Epaiaren arabera, bi emakumeei egindako erasoak zurigarri gisa erabili zituen, ondoren egingo zuen bikotekidearen hilketa estaltzen saiatzeko.
Miranda Ebroko lehen biktimak 64 urte zituen orduan, eta buruan titaniozko xafla bat du jasotako kolpearen ondorioz. Epilepsia eta ikusmen arazoak ditu ordudanik. Bikotekidea hil baino sei egun aurretik izan zen lehen erasoa. Bigarren erasoa Lantaronen bikotekidea hil baino bi ordu lehenago izan zen. 55 urte zituen bigarren biktima muletekin dabil erasoaren ondorioz. Mediku auzitegi txostenaren arabera, kolpe horiek heriotza eragiteko modukoak izan ziren; argudio horretan oinarrituta, 15 urteko zigorra jarri diote eraso bakoitzeko.