Iruña Okan antzeztuko dute 1813ko Gasteizko Bataila

Erredakzioa 2023ko eka. 21a, 14:00
Gasteizko Batailaren antzezpen historikoaren aurreko edizioa. Argazkia: Vital Fundazioa

Ostiraletik igandera bitartean, Europa osoko 200 antzezle baino gehiago iritsiko dira 1813ko Gasteizko Batailaren Nazioarteko Antzezpen Historikoaren V. edizioan parte hartzeko.

2014tik pandemiara arte, bi urtean behin antzezten zen. 2020an bertan behera gelditu zen, Covid-19aren pandemiaren aurrean ezarritako neurri murriztaileen ondorioz. Baina asteburu honetan borroka eremura itzuliko da Gasteizko Batailaren Nazioarteko Antzezpen Historikoa. Ostiraletik igandera bitartean Iruña Okan izango da ekimena, eta Europako hainbat herrialdetatik etorritako 200 antzezlek baino gehiagok parte hartuko dute, tartean antzezpen napoleonikoen talderik adierazgarrienetako batzuk.

Gasteizko Bataila 1813 Elkartea eta Espainiako Napoleondar Elkartea antolatzen ari dira antzezpena, eta, besteak beste, Vital Fundazioak, Eusko Jaurlaritzaren Turismo eta Merkataritza Sailak eta Iruña Okako Udalak lagundu dute.

1813ko ekainaren 21ean izan zen Gasteizko Bataila. Bere ihesean Jose Bonaparte babesten ari ziren tropa frantsesak eta etorkizunean Wellingtongo Dukea izango zen Arthur Wellesleyren agindupeko tropa espainiar, britainiar eta portugaldarrak izan ziren aurrez aurre. Aliatuen garaipenak Frantziako tropak behin betiko erretiratzea ekarri zuen, Espainiako Independentzia Gerraren (1808-1814) testuinguruan.

"Gertakari historiko hori gure lurraldearen ondare den aldetik ezagutaraztea da helburua, eta Gasteizko Batailak izan zuen garrantzia eta hura inguratu zuten faktore historiko, sozial eta militar guztiak balioestea. Azken finean, erabakigarriak izan baitziren XIX. mendearen hasierako Europaren bilakaera historikoan", azaldu du Jose Ramon Gil Gasteizko Bataila 1813 Elkarteko idazkariak. "Gasteizko Bataila kultura ondasuna da, ondare ez materiala, eta nazioartean oihartzun handia du, batez ere Europan".

Asteburu osoko egitaraua

Ehunka antzezle izango dira batailaren antzezpenean, 200 baino gehiago, behar bezala uniformatuak eta Napoleonen garaiko armamentuarekin. Besteak beste, bolbora beltza erabiltzen duten su-armak eramango dituzte, duela bi mende baino gehiago erabilitakoen erreprodukzio fidelak. Bi kanpamentutan arituko dira: inperial frantsesa eta aliatua. 50 kanpadendaz gain, lau kanoi eta hamabost zaldi egongo dira.

Antzezpen historikoa ostiralean, ekainaren 23an, hasiko da. Parte hartuko duten pertsona guztiei harrera egingo diete, eta, ondoren, parte hartuko duten armaden kanpamentu historikoa muntatuko dute.

Horrela, dena prest egongo da larunbaterako: 11:00etatik aurrera, tarte batez, bisitariek antzezleekin egoteko aukera izango dute, haien jarduerak, gertaerak, uniformeak eta banderak ezagutzeko, bai eta aurrekargako armen funtzionamendua zein kanpainako bizitzaren inguruko beste gai batzuk ere.

12:30ean herriko desfilea hasiko da, herriko erdigunetik, eta borrokan hil zirenei omenaldia egingo diete. 17:00etan berriro irekiko dute kanpamentua, hainbat borrokaldi eta gatazka antzezteko. 18:30ean beste desfile bat egingo dute, oraingoan gudu-eremuraino. 19:00etan antzezpen historikoa egingo dute, ikastetxeen atzeko zelaian.

Igandean ere ez dira jarduerak faltako: 10:00etatik 11:30era, kanpamentuan antzezleekin egoteko beste aukera bat izango da; 12:00etan, 1813ko ekainean Napoleonen armada Langraiz inguruan garaitu zutenean izandako Gasteizko Batailaren antzezpena egingo dute Wellingtongo Dukearen indar aliatuek, baita horren inguruko hainbat jarduera ludiko eta pedagogiko ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide