Añana, Erriberagoitia, Iruña Oka eta Gasteiz udalerrietako mendiak, landa lurrak eta herriak okupatuta, Aixeindar enpresak eraiki nahi duen Cantoblanco zentral eolikoaren kontrako 2.000 alegazio aurkeztu dituzte bertako hainbat kontzejuk eta herritarrek. Bizikleta martxa egin dute aste honetan Gasteizen alegazio horiek modu ofizialean aurkezteko, eta martxa horren bueltan salatu dute proiektatutako zentral eolikoak "eragin larria" izango duela herri txikietan bizi diren pertsonen bizitzan. "Landa eremua eta herrigune txikienak despopulatzea eta pobretzea eragingo luke, zentral eolikoetatik gertu dauden herrien bizi kalitatearen eta ekonomiaren debaluazioa gertatzen baita", ziurtatu dute.
Esther Molinero Artatza-Axkoetako batzar administratiboko kideak azaldu duenez, alegazioak aurkeztu dituzten herriekin batera daude, besteak beste, Ormijana, Padul, Mandaita, Ariniz eta Miñaogutxia. Zentral eolikoak eragina izango luke bereziki Barron, Artatza, Axkoeta, Ormijana, Atiega, Basquiñuelas, Arbigano, Subilla Morillas, Mandaita, Olabarri, Langraiz Oka, Subilla Gasteiz, Zumeltzu eta Ariniz herrietan. "Etxeetatik gertu jarri nahi diren 200 metro altuerako zortzi errotez gain, altzairuzko dorre erraldoien gainean esekitako hamazazpi kilometroko goi-tentsioko aireko linea zabalduko dute", ohartarazi du Molinerok. Modu horretan, Cantoblanco eta Añana "energia eolikoa ekoizteko zentral" izatera kondenatzen ari direla uste dute kontzejuek.
"Berriztagarrien burbuila" puzten ari dela salatu dute Añanako zenbait batzarrek
Herrien etorkizunean izango duen eraginarekin batera, proiektuak aurrera egiteak "biodibertsitatearen galera oso handia" ekarriko duela azpimarratu dute alegazioetan. "Cantoblanco mendilerroa korridore ekologiko bat da, gune babestu ugariren erdian dago, eta prozesu ekologikoak mantentzea bermatzen du, inguruko naturgune guztien artean: Arkamu-Gibillo-Arrastariaren, Baia ibaiaren eta Omecillo-Tumecillo ibaien Konserbazio Bereziko Eremuetan; eta Valderejo-Sobron-Artzena mendilerroa eta Gorobel mendilerroaren Hegaztien Babeserako Eremuetan".
Halaber, gogoratu dute arriskuan eta galtzeko arriskuan dauden hegazti harraparientzat eta kiropteroentzat "hesi-efektua" eragingo duela zentral eolikoak, eta "hesi-efektu horrek Araba urtero zeharkatzen duten milioika hegaztiri eragingo lieke, Europa mailan hegaztien migrazio bide onenetako batean baitago". Halaber, nabarmendu dute EAEn eta Iberiar Penintsulan arrano beltzaren lurralde dentsitate handiena duen ingurunea dela Cantoblanco, eta tamaina horretako zentral eoliko bat ez dela bateragarria izango hegazti horren ugaltzearekin.
Berriztagarrien "burbuila"
Azken boladan, parke fotovoltaikoak eta eolikoak instalatzeko jaso den eskaera uholdearen aurrean, Añanako eskualdeko herriek uste dute zenbait enpresa "berriztagarrien burbuila" puzten ari direla, eta horrekin batera, mendien eta herrien lurzoruen pribatizazioa bilatzen dutela, etekin ekonomikoak lortzeko. "Espainiako estatuan, 2030erako, 60 gigawateko energia berriztagarria instalatzea da helburua, eta, dagoeneko, 82 gigawat daude instalatuta". Ildo horretan, salatu dute Euskal Haizie Fisterra Energy inbertsio funtsaren konpainia dela, eta Blackstone Group barruan ere badagoela, eta gogoratu dute "mundu mailako putre inbertsio funts handienetako bat" dela.
Iruña Okak, bost alegazio
Batzar administratiboek aurkeztu dituzten alegazioekin batera, Iruña Okako Udalaren udalbatzak ere, aho batez, onartu du zentral eolikoaren kontrako bost alegazio aurkeztea. Haize errotek Jundizko transformazio azpiestazioarekin lotzeko udalerria zeharkatuko lukeen goi-tentsioko lineari buruzkoak dira guztiak. Izan ere, udalaren ustez, gehiegizkoa da hogei kilometro baino gehiagoko goi-tentsioko linea berri baten eragina, udalerriaren zati handi bat zeharkatuko lukeena. Beraz, sarearekiko konexioa parketik gertuago dagoen puntu batean egitea planteatzen du udalak.
Halaber, linearen trazadura Plan Orokorrean hiri lur eta urbanizagarri (Los Llanos industrialdea) gisa sailkatuta dauden lursailetatik igarotzen dela ohartarazi du udalak, eta hori "onartezina dela", poligonoaren handitzearen garapenean izango lituzkeen eraginak direla eta.
Kontzejuen Elkarteari, erregua
"Herri batzarren interesak eta eskaerak ez ditu erantzuten". Kexu dira Artatza-Aixkoeta eta Ormijanako batzar administratiboak Arabako Kontzejuen Elkartearen (AKE) "isiltasunaren" aurrean. Esther Molinero Artatza-Aixkoetako batzarkideak azaldu duenez, azken denboraldian, elkartea "ez dabil oso fin"; eta zentral eolikoaren inguruan duten informazioa beste batzar batzuekin partekatzeko eta alegazioak zabaltzeko eskatu diotenean ez diete erantzun ere egin. "Zertarako dago elkarte hau?", galdetu du.