Uztaileko lau larunbatetan, hilaren 1ean, 8an, 15ean eta 22an, Gaubeara itzuliko da Schubertaldia. Seigarren edizioak hiru agertoki izango ditu: Tuestako Andre Mariaren eliza, Bachicaboko San Martin eliza, eta, aurtengo berrikuntza gisa, baita Espejoko Salbatzailearen eliza ere. Emanaldi guztiak 20:00etan izango dira.
Astelehen honetan programazioa aurkezteko prentsaurrekoa eskaini dute Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak, Gorka Salazar Gaubeako alkateak, Arantza Ibañez de Opakua Vital Fundazioko zuzendariak eta Victor Medem Villabeltrango Bartzelonako Schubertiadako gerenteak.
Jaialdiak lau kontzertuko formatu tradizionalari eutsiko dio, 2020an bi baino ez eta iaz, salbuespen gisa, sei antolatu ostean. Uztailaren 1ean, Kebyart saxo laukotea izango da Tuestan, Bach, Mozart, Magrane eta Widmannen obrak eskainiz. Hilaren 8an, berriz, Konstantin Krimmel baritonoa eta Daniel Heide pianista izango dira agertoki berean, Franz Schubert-en Winterreise, D. 911 lana taularatzeko.
Hirugarren hitzordua, hilaren 15ean Espejon, Jone Martinez sopranoaren eta David Palanca klabizenbaloaren kontzertua izango da, A. Scarlatti, Händel, De Torres, D. Scarlatti eta De la Te-ren konposizioekin. Azkenik, hilaren 22an, Armida Quartett laukoteak itxiko du aurtengo edizioa, Bachicabon, Johann Sebastian Bach-en Fugaren Artea obrarekin.
Sarrerak laster izango dira eskuragarri Kutxabank Tickets atarian. Programa osorako 50 euroko abonuak egongo dira, baina baita emanaldi bakoitzerako sarrera solteak ere, 15 euroko prezioan.
EGITARAUA