Kuartangotik Lantaronera mugitu du Ekiolak Añanako parke fotovoltaikoa

Erredakzioa 2023ko mai. 16a, 11:37

1.700 familia baino gehiago hornitzeko adina energia sortuko du parkeak. ALEA

Artxuan eraiki asmo zuen parke fotovoltaikoa Salcedora eraman du Ekiolak, Arabako Foru Aldundiko teknikariek Kuartangoko paisaian azpiegiturak duen inpaktua "onartezina" dela uste dutelako.

Añanako Ekiola parke fotovoltaikoaren plan berezia eta ingurumen inpaktuko txostenak aurkeztu ditu dagoeneko Arabako Foru Aldundiak (Enargi), Energiaren Euskal Erakundeak (CADEM) eta Krean taldeak osatzen duten Añanako Ekiola kooperatibak, eta informazio publikoaren tramitean dago proiektua. Salcedon eraikiko dute, azkenean, Kuartangoko Artxuako kokapena ingurumen arazoengatik baztertu eta gero: "Paisaiari buruzko kontsulta egin zen, eta Arabako Foru Aldundiko ingurumen teknikariekin bisitatu zen lekua, eta haren balorazioa izan zen lekua ez zela egokia planta fotovoltaikoa jartzeko, paisaiaren gaineko inpaktua onartezina zela uste zutelako".

Eguzki-planta fotovoltaikoak orduko 5.326 megawatt inguru sortuko ditu urtean, "hau da, 1.700 familia baino gehiago hornitzeko adina energia sortuko du". Añanako Ekiola kooperatibak sustatu du parkea, eta parkearen inguruan energia komunitate kooperatibo bat eratzea du helburu.

Nekazaritza lurrak

Salcedoko Batzar Administratiboaren nekazaritza lurrak okupatuko badituzte ere, Ekiolak justifikatu du erabilera fotovoltaikoak ez duela lurzoruen kalitatea galtzea eragiten; "izan ere, panelak lurrean sartuta dauden eta zimendatzerik behar ez duten egituren gainean jartzen dira. Ez da lurren mugimendurik egiten. Lurzoruak bere funtzioei eusten die, eta instalazioaren balio-bizitza amaitzean, instalazioa desmuntatu eta lurzorua jatorrizko egoerara itzuliko da".

Parkeak okupatuko duen lurzatiak 52.537 metro koadroko azalera du, baina instalazio fotovoltaikoa instalatzeko eremua 37.610 metro koadrokoa da. Lursaila Lantarongo udalerriaren hegoaldean dago, Zubillaga industrialdearen iparraldean, lurzoru urbanizaezinean, eta Ekiolaren azterketaren arabera, Añanako ingurumen kalitate txikiko lurzorua da aukeratutakoa, eta Salcedo eta Zubillaga herrietatik ezin da ikusi. "Gehien ikusten diren puntuek biztanleriaren zati oso txiki bati eragiten diote".

Gorbeialdeko Ekiola

Bestalde, Gorbeialdeko Ekiola parke fotovoltaikoak Zigoitian ezartzeko behin betiko onarpena jaso du, aldundiaren aldetik. Proiektuak eguzki-instalazio fotovoltaiko bat aurreikusten du, 2,3 megawat sortzeko helburuarekin. 24.122 metro koadroko azalera duen Etxabarri Ibiñako lurzoru urbanizaezinean kokatuko da; Arabako Foru Aldundiarena da lur horien jabea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago