Gesaltza Añanako etorkizuneko Ekoetxea Arabako lehenengoa izango da, eta aurretik Bizkaian –Meatzaldea eta Urdaibai- eta Gipuzkoan –Azpeitia eta Txingudi- zeudenei gehituko zaie. Ingurumen zentro berriaren obrak lizitaziora atera ditu Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, Ekoetxea Sarea osatzen duten EAEko ingurumen zentroen kudeatzailea dena. Añanako Ekoetxea zentro berriaren oinarrizko proiektua diseinatzeko lanak 120.000 euroko inbertsioa izango dute, eta espero da aurtengo abenduan hasi ahal izatea.
Proiektuak Gatz Haraneko antzinako Biltegi Handia edo La Revilla bezala ezaguna den eraikina birgaitzeari eta egokitzeari helduko dio. Eraikin hori Gatz Haranean zeuden gatz biltegi garrantzitsuenetako bat da; horren erakusgarria dira bai haren dimentsioak eta bai gatzaren bultzadari eusteko eraikitako horma bularren kopuru handia. Bada, Añanako Gatz Harana Fundazioak, lagapen bidez, espazio horren erabilera partziala adostu du, Ekoetxearen sorrerarako; eta etorkizuneko eraikinak Gatz Harana Fundazioaren bulego batzuk ere hartuko ditu bere espazioetako batean.
Eraikin bioklimatikoa
Proiektuak arkitektura bioklimatikoaren, ekodiseinuaren eta ekonomia zirkularraren printzipioak hartuko ditu kontuan, ingurumena eta osasuna errespetatzen dituzten produktuak, materialak eta sistemak erabiliz, eta baita inpaktua eraikinaren bizi-ziklo osoan minimizatzeko irtenbideak ere. Lehenago, eraikinean zenbait lan gauzatu dira, hala nola barneko betelanaren huste mekanikoa; dokumentazio geometriko osoa; irakurketa estratigrafikoa; zundaketa arkeologikoak barnealdean; eraikinaren barneko hustuketa; eta aurretiko lan tekniko-arkitektonikoak (Eusko Jaurlaritzak eta Añanako Gatz Harana Fundazioak planteatutako beharren programaren azterketa; eraikinaren azterlan bolumetrikoa, birgaitze-lanaren ostean; eta eraikinaren azterlan energetikoa, birgaitze-lanaren ostean).
Eusko Jaurlaritzaren arabera, Añanako zentroaren integrazioa "mugarri garrantzitsua izango da", Ekoetxea Sareak Araban izango duen lehenengo zentroa izango baita; "gainera, ingurune hori goi mailako helmuga turistikoa da, urtean 90.000 bisita baino gehiago izaten baititu".