Lan istripua

Nekazari bat hil da Iruña Okan, traktorearekin izandako istripuan

Erredakzioa 2023ko mar. 20a, 21:30
Iruña Okako bigarren mailako bide batean gertatu da ezbeharra. / Argazkia: PIXABAY

Astelehen honetako 19:00ak aldera, Miguel Bazan nekazari eta Martiodako alkatea hil da zirkulazio istripu batean, Iruña Okako bigarren mailako errepide batean gidatzen ari zen traktorearekin talka egin ostean.

Nekazaria atoidun traktore bat gidatzen ari zen bigarren mailako bide batetik, Iruña Okako kanpoaldean. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, oraindik ezagutzen ez diren arrazoiengatik, traktorearekin istripua izan du eta jasotako kolpearen ondorioz larri zauritu da. Lehen hipotesien arabera, atoia altxatu egin da, eta zubi baten azpitik igarotzean talka egin du.

Bertaratutako larrialdi zerbitzuek azkar jardun duten arren, ezin izan dute ezer egin bere bizitza salbatzeko. Ertzaintzaren hainbat patruila, suhiltzaileak eta anbulantzia medikalizatu bat bertaratu dira, eta bertan artatu dute. Bizkortzeko maniobrak egin dituzten arren, bertan hil egin da gizonezkoa.

Bere gorpua Gasteizko Auzitegi Patologiako Zerbitzura eraman dute, eta Ertzaintzak ikerketa abiatu du istripuaren nondik norakoak argitzeko.

Miguel Bazan, nekazaria eta alkatea

Noticias de Álava egunkariak argitaratu duenez, hildakoa Jose Miguel Bazan Martinez de Osaba da, 77 urteko patata nekazaria, Martiodako bizilaguna eta kontzejuko administrazio batzarreko alkatea. Halaber, UAGAk azpimarratu du nekazarien sindikatuko afiliatu historikoa zela.

Bere aldetik, Dikerik Ez! Zaia ibaiko dike proiektuaren aurkako plataformak honela gogoratu du Bazan: "Zoritxarrez, atzo borrokalari bat joan zitzaigun, beti Arabako nekazaritzaren alde aktiboki inplikatzen zena. Eta, nola ez, Zaiako Dikearen aurka ere egin zuen. Beti geratuko zaigu zure energia. Doluminak zure familiari. Lurra arina izan dakizula".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide