Ekiluz enpresaren "iruzurra" beste behin salatu du Erriberabeitia Bizirik taldeak

Erredakzioa 2023ko ots. 23a, 12:32

Ekian parke fotovoltaikoa Ribabellosan kokatuta dago. PHOT.OK

Ekiluzek elektrizitatearen prezioaren "gainkostua" mantendu duela salatu du udal talde independenteak, eta fakturak ulergarriak egiteko konpromisoa ez duela bete.

Laster egingo du urtebete Ekiluzek (Krean eta Repsol) eta Energiaren Euskal Erakundeak, Erriberabeitiko Udalaren eskutik, proiektu "aitzindari eta berritzailea" aurkeztu zutenetik udalerrian, eta ordutik buruhausteak nagusi dira enpresa berriarekin elektrizitatea kontratatu duten bizilagunentzat. Hala salatu du beste behin Erriberabeitia Bizirik udal taldeak. "Eskaintzak ez zituen bizilagunak konbentzitu; eta berrogei lagunek bakarrik erabaki zuten merkaturatzailearengana aldatzea. Gaur egun, hogei bat besterik ez dira geratuko, eta horiek ere ez dakite zer egin", azaldu dute.

Lehenengo fakturak jasotzean, aldaketa egin zutenek ikusi zuten beren fakturak jaitsi beharrean nabarmen igotzen zirela; eta gainera, "faktura ulergaitzak" jasotzen zituztela salatu zuten. Hala, hamaika bizilagunek erreklamazioak aurkeztu zituzten Kontsumitzailearen Defentsarako Bulegoan. Halaber, kexak ikusirik, udal ordezkariak enpresarekin bildu ziren, iragan hilabetean, eta Ekiluzek faktura gardenagoa igorriko zuela hitz eman zuen.

Talde independentearen esanetan, merkaturatzaileak "ez ditu fakturak aldatu", eta gainera, ohartarazi dutenez, "bizilagun bakoitzaren eguzki-plaken ekoizpen orduengatiko aurrezkia txikiagoa izan da Ekiluzen kudeaketagatik ordaintzen dutena baino". Gainera, batzuek dirua galdu dute araututako tarifan egoteagatik, lehen zuten gasaren muga dela eta. "Nori egiten dio mesede merkaturatzaile honek eta haren proposamenak?" galdetu du udal taldeak. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago