Jugalez ibaia lehortu dutela salatu du Zanbranako alkateak

Erredakzioa 2023ko ots. 10a, 08:25

Jugalez ibaiaren ur-jauzia. PHOT.OK

Arabako Errioxa-Sonsierra Riojana Ureztatzaileen Elkartea Guardiako baltsa betetzeko ura eramaten ari dela esan du Aitor Abeziak, "Jugalez ibaiaren ibilgu ekologikoa urratuz".

Beste behin gertatu da. Azken elurteen ostean, urtzaldi betean, Jugalez (Inglares) ibaiaren ur bolumena handia izan behar zen, baina aldiz, ia-ia lehortu dutela salatu du Zanbranako alkateak. Aitor Abeziak ALEAri azaldu dionez, Bergantzu aldean, ibaiaren emaria soilik 13 litro segundukoa da. Salaketa aurkeztu du alkateak Guardiako Ertzaintzaren komisaldegian.

Jugalez ibaiaren ibilgu ekologikoa urratzea leporatu dio alkateak Arabako Errioxa-Sonsierra Riojana Ureztatzaileen Elkarteari, "Guardiako baltsara ur hori eramateko" eta hura betetzeko. Gaineratu du "ingurumenaren aurkako delitu penalak etengabe" egiten dituela elkarteak, "beren interesak ingurumenari lehenetsiz"; eta salatu du, gainera, Uraren Euskal Agentziaren eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren "erabateko utzikeriaz" baliatzen ari direla ureztatzaileak.

Zanbranako alkateak argitu du Jugalez ibaiak segunduko 1.900 litroko ureztatze-emakidak baditu ere, iaz,  150 litro segunduko emaria izan zuela. "Jugalez ibaiak historian izan duen emaririk handiena –URAren txostenen arabera– 360 litro segundukoa izan da; ez du zenturik ureztatze-emakidaren muga 1.900 litrotan izatea, baina hor upategi handien interesak daude tartean".

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago