PSEk eta EH Bilduk aurrekontu akordioa egin dute berriz ere Iruña Okan

Erredakzioa 2023ko urt. 16a, 19:52
Iruña Okako udaletxea, Langraiz Okan. / ALEA

Iruña Okako aurrekontua PSE eta EH Bilduren arteko akordioari esker aurrera aterako da bigarren urtez jarraian. Udal gobernuak talde subiranistaren bost proposamen onartu ditu, 162.000 euroko balioarekin.

Iruña Okako EH Bilduren batzarrak oniritzia eman ostean, alderdi subiranistak udalerriaren 2023ko aurrekontuak aurrera ateratzea babestuko du asteazken honetan, ezohiko osoko bilkuran. Hortaz, PSEren udal gobernuak eta EH Bilduk adostutako bigarren aurrekontuak izango dira aurtengoak.

EH Bilduren bost proposamen jaso ditu aurrekontu proiektuak:

  • 40.000 euroko inbertsioa 2022an sortutako lan-poltsa martxan jartzeko.
  • 30.000 euro hurbileko produktuen merkatua sortzeko eta lehen sektorea indartzeko; hilero, igandetan.
  • 20.000 euroko laguntza herriko ostalari eta merkatarientzat.
  • 12.000 euro euskararen erabilera sustatzeko eta euskarazko jarduerak egiteko.
  • 60.000 euro herritarrek proposatutako obretarako.

Horrez gain, PSEk konpromisoa hartu du soberakina negoziatzeko eta udalerrian trantsizio energetikoa bultzatzeko inbertsio plan bat onartzeko. Gainera, Podemos eta PPren beste hiruna proposamen onartu ditu PSEk Araban duen alkate bakarrak (Michel Montes); EAJrenak, ordea, ez ditu onartu, "proiektuak idazteko 120.000 euro zirelako".

EH Bilduko zinegotzi eta bozeramaile Davide di Paola pozik agertu da akordioarekin, baina, aldi berean, deitoratu du inbertsio handiak ekarriko lituzkeen proposamenak ezin izan direla sartu "udal kutxen finantza egoera eta kontuak onartzeko presa" direla eta. "Hala ere, erantzukizunetik, proposamen zehatzak sartu ditugu, krisiaren ondorioak merkataritzan eta ostalaritzan arintzeko, enplegu publikoa sortzeko eta gure eskualdeko lehen sektorea bultzatzeko. Gainera, inbertsio planarekin energia berriztagarriak hedatzen eta gure energia eraginkortasuna hobetzen jarraitzea espero dugu", adierazi du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide