Osasun etxe berria eskatu dio Iruña Okako udalbatzak Osakidetzari

Erredakzioa 2023ko urt. 13a, 16:58
Iruña Okako osasun zentroa gizarte etxean dago egun. IRUÑAKO

PSEko udal gobernuak aurkeztu du mozioa eta EH Bilduren, PPren eta Elkarrekin Podemosen babesa izan du. EAJk, ordea, uste du udalerriak ez dituela ratioak betetzen.

Iruña Okako Udalaren osoko bilkurak PSEko udal gobernuak aurkeztutako mozio bat onartu du, Osakidetzari eskatuz osasun zentro berria "berehala" eraikitzen hasteko. Gainera, Osakidetzak "etengabe" erantzun ez izana deitoratu du Udalak, eta gogoratu du udalerriko bizilagunen gehiengoa osasun zentro berri bat martxan jartzea aldarrikatzen ari dela aspaldi.

EH Bilduren, PPren eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin aurrera atera da mozioa. EAJko ordezkariak, berriz, testuaren aurka agertu dira. Jelkideen esanetan, Osakidetzak osasun zentroen beharra populazio-ratio batzuen arabera zehazten du, eta, une honetan, Iruña Okak ez du ratio hori betetzen.

Onartutako mozioan jasotzen den bezala, Langraiz Okan lursail bat laga zion Iruña Okako Udalak Osakidetzari 2011. urtean, udalerrirako osasun zentro berri bat hartuko zuen eraikin bat eraikitzeko. Ondoren, Iruña Okako Udala Osakidetzarekin elkarlanean aritu da Langraiz Okako gizarte etxean dagoen osasun zentroaren instalazioak hobetzeko eta handitzeko, udalerriko bizilagunei zerbitzurik onena emateko aukera onena zela sinetsita. Halere, Iruña Okako biztanleak pixkanaka hazten joan dira azken urteotan, eta osasun zerbitzuak hobetzeko unea iritsi da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide