EH Bilduk eta EAJk aurrekontu akordioa lortu dute Gaubean

Erredakzioa 2023ko urt. 4a, 15:44
Gaubeako ondare naturala eta arkeologikoa nabarmentzeko plana egingo da. E.U.

Arkeologia, kultura, eta natura ondarea nabarmentzeko plan zuzentzailea eta parte-hartzailea egitea onartu dute, besteak beste.

EH Bildu udal taldeak Gaubeako 2023ko aurrekontuak babestu ditu, egindako proposamen guztiak aurrekontu proiektuan sartzea lortu ondoren. Zuzenketa horiek guztiak azken osoko bilkuran onartu dira.

Nolanahi ere, aurrekontu-proiektua aurreko urteko aurrekontuaren "kopia hutsa" izan dela salatu du talde abertzaleak, eta horrek agerian uzten du "udal gobernuaren gelditasuna". Horren aurrean, EH Bilduk nabarmendu du onartutako partiden gainean jarraipen zorrotza egingo duela.

Partida zehatzak

Hala, EH Bilduren ekimenez, besteak beste, Tuestako industrialdean gatza eraldatzeko eta kudeatzeko instalazioa jartzea aztertzeko 10.000 euroko partida bat onartu da, tokiko nekazaritzako elikagaien jarduerekin eta turismo kulturaleko eta turismo berdeko jarduerekin batera. Gainera, Gaubeako arkeologia, kultura eta natura ondarea nabarmentzeko plan zuzentzaile parte-hartzailea egitea ere proposatu da.

Eskola garraioaren inguruan dagoen arazoari irtenbidea emateko asmoarekin, onartu da garraio-kostuen azterketa bat egitea, eskola komunitate osoak maila guztietan dituen beharrak kontuan hartuta. Horretarako, 4.000 euroko partida gaituko da. Azkenik, 3.500 euroko partida bat sartu da, Valparaisoko San Martin ingurua seinaleztatzeko eta balioan jartzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide