INUZENTEEN EGUNA

Hizkuntza baskonikoa izan dezakeen beste objektu bat aurkitu dute

Erredakzioa 2022ko abe. 28a, 08:30

Behin-behineko analisiak egin dizkiote Basquiñuelasko hostoari. ALEA

Iberiar zeinuekin idatzita bide dagoen testu bat agertu da Basquiñuelasen, hosto itxura duen berunezko objektu batean.  

Basquiñuelas herritik gertu dagoen soro batean malko edo hosto baten itxura duen berunezko objektu bat aurkitu dute. Lehen zantzuen arabera, baskonikoa izan daitekeen testu bat azaltzen da bertan, baina momentuz ez da idazkun horren interpretazioaren inguruko argibiderik zabaldu.  

ALEAk jakin ahal izan duenez, objektua alberjinia soro batean agertu da, testuinguru arkeologiko garbirik gabe. Sorotik harriak kentzen ari zela, herriko nekazari batek aurkitu du hosto itxurako metala, eta, zerbait garrantzitsua izan zitekeela jabetu denean, Erriberagoitiko udaletxera eraman du. Bertatik abisua eman diote aldundiari, eta Arabako Arkeologia Museora eramateko zain daude orain, analisi sakonagoak egin diezazkioten. Dena dela, Erriberagoitian bertan EHUko ikasle batek egin ahal izan ditu aurreneko azterketak.  

Hedabide honek kontsultatu dituen aditu guztiak zuhur agertu dira gaiaren inguruko balorazio bat eskatu zaienean. "Berunezko objektua baldin bada, ezin dakioke radiokarbonoa aplikatu", azaldu dute Arkeologiarako Arabar Institututik. "Duela gutxi mikropartikulen voltamperemetria izeneko teknika asmatu da halako metalak datatzen saiatzeko. Tenorita eta kupritaren artean dagoen proportzioan korrosioak denboran zehar izan duen eragina neurtzen du teknika horrek. Baina, momentuz, aukera hori oso berde dago".  

Idazkunean agertutako zeinuak zehazteko dauden arren, hedabide honek lehen hurbilpen bat egin du, irudi multiespektralaz baliatuz. Behin-behinekoa den irakurketa honen arabera, honakoa litzateke hostoan agertzen den testua:

Objektuari hasierako azterketa bat egin ahal izan dion EHUko ikertzaile gazteak ez du bere izena publikoki agertzerik nahi. "Harribitxi honen aurrean egotea izugarrizko ohorea da, baina ez dut arazorik nahi. Badakizu, honelako kontuekin txolopote galantak sortzen dira, eta harri bakoitzaren azpitik dena dakien koinatu bat agertzen da. Bada, katedradunak hitz egin dezala, nik nahikoa daukat tesia bukatzearekin eta datorren urterako alokairua berritzearekin", adierazi du. Halere, ikertzaileak onartu du gaiari gertutik erreparatuko diola. "Hau potentea da", aurreratu du. 

Adituen baieztapena lortu aldera hedabide honek hainbat saiakera egin dituen arren, momentuz EHUko filologia sailean gaiaren bueltan ez dira ahoskatu. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago