Suak neguan itzaltzen direla esan du Zanbranako alkate Aitor Abeziak Batzar Nagusietan, eta iragan abuztuaren 7an Txulato mendian jazo zen sutea ez errepikatzeko, suteen kontrako prebentzio plana eskatu du. Halaber, salatu du foru aldundiak hartu duen erabakia ezer ez egitea dela: "Esan digute ekintzarik onena ez ekitea dela, natura jakintsua dela eta mendia birsortu egingo dela". EH Bilduk eta Elkarrekin Arabak gonbidatuta, Arabako Batzar Nagusietan agerraldia egin dute Abeziak eta Berantevillako alkate Mario Pereak, uda partean herrialdean jazotako suterik handienari buruz hitz egiteko. Prebentzioaz gainera, alkateek suteak itzaltzeko plana aldarrikatu dute.
"Erabateko kaosa". Horrela definitu du Zanbranako alkateak Txulato mendian gertatutakoa. Sutearen egunean bertan, suhiltzaileen parke desberdinen arteko "deskoordinazioa" eta medio materialen "falta" salatu ditu Abeziak. Gainera, sutea iraun zuen bitartean eta ondoren bertako udal eta kontzejuetako agintariak baztertu nahi izana kritikatu du. Abeziaren esanetan, informazio ofizialik ez zitzaien eman: "informazio ofizial bakarra Zanbranako EAJko zinegotzi baten bitartez jaso nuen", esan du alkateak; eta gaineratu du sutea kontrolatzeko aginte-postuan egiten ziren bileretan ez zietela parte hartzera gonbidatu. "Are gehiago, Berantevillako alkateari eta Zanbranako alkateordeari debekatu zitzaien sartzea, Ertzaintzari jarraibideak eman zitzaizkion su-eremura ez pasatzeko, EAJko zinegotzi batzuk nahi bezala ibiltzen ziren bitartean".
Abeziak nabarmendu duenez, SOS Deiak-ek ez zituen Miranda Ebroko (Burgos, Espainia) suhiltzaileak ohartarazi, nahiz eta bederatzi kilometrora egon; eta Txulato ingurura iritsi zen lehen taldea Harotik (Errioxa, Espainia) joandakoa izan zen, Oziotik hamalau kilometrora. "Miranda Ebroko suhiltzaileen sindikatuek jakinarazi digute SOS Deiak ez zela haiekin harremanetan jarri, sutea dagoela ohartarazten diela Ozioko bizilagun batek, eta orduan etortzen dira".
Koordinazio eza
Haroko eta Miranda Ebroko suhiltzaileekin batera, Arabako Espejoko, Langraiz Okako eta Gasteizko suhiltzaileak ere hurbildu ziren Zanbranara, baina alkateak azaldu duenez, toki guztietatik iritsitako suhiltzaileen koordinaziorik eza "erabatekoa zen", eta une batzuetan "kaosa" izan zen. Alkateak batzarkideei azaldu dienez, "suhiltzaileek ez zuten hartunerik Ozioko ur-hartuneei lotzeko; ez zekiten non ireki behar ziren pistak; hiri-prestakuntza duten suhiltzaileak dira batzuk, baso-suteei buruzko prestakuntzarik ez dutenak; Mirandako suhiltzaileek ez zekiten nora joan; Errioxako brigadistek ez zekiten nora joan; Mendiola enpresako bulldozer-a deitu zuten eta ez zekien zer pista zabaldu behar zuen; nekazariak iritsi ziren, Bastidatik, Trebiñutik Armiñonetik, herriak arriskuan ikusten zituztelako, eta suebakiak egiten hasten dira, eta inork ez ditu koordinatzen, haien kabuz antolatu behar dira".
"Mendia ezagutzen duen jendeari ezer ez galdetzea normala al da?"
Arabako Batzar Nagusietan egin duen agerraldian kontatu du Abeziak, adibide bezala, eskualdeko basozaina Zabalateko gaztelura bidali zuela sutearen koordinazio mahaiak, sua ateratzen zen zain zezan. "Bertako mendiak ongien ezagutzen dituen pertsona gaztelura bidaltzen dute, eta ez diote ezer galdetzen, inork ez die ezer galdetzen herrikoei, inork ez dio ezer galdetzen artzainei, nekazariei, hori normala al da? Mendia ezagutzen duen jendeari ezer ez galdetzea normala al da?".
Abuztuaren 8an itzali zuten sutea, helikopteroak eta abionetak iritsi zirenean. "Aire unitateak eta Errioxako, Soriako, Nafarroako eta Bizkaiko brigadistak etortzen direnean itzali zen sutea. Aire-unitateak lehenago iristen badira, lehenago konponduko zen", esan du Abeziak.
Galdera gehiegi
Suaren jatorriaren eta zabalpenaren inguruan zabaldu diren bertsio desberdinak ere hizpide izan ditu Abeziak agerraldian. Sutearen jatorriaren inguruan, Zanbranako alkateak bertsio ofiziala zalantzan jarri du beste behin. "Harritzen gaitu esatea suaren jatorria lursail batean hasten dela, nekazaritzako makina baten txinpartak eraginda. Han ez dago makinarik, ezta lursalik ere, mendi baxua da". Abeziaren esanetan, ordea, sutea A-3136 errepidean piztu zen, Ozio ondoan. "Bizilagun batek eman zidan horren berri, berak deitu egin zuen 112ra eta sua itzaltzera joan zen beste bi bizilagunekin, baina mendira zabaldu zen sua". Abeziak argitu duenez, oraindik ez dago suaren jatorriari buruzko txosten ofiziala.
Halaber, haren esanetan, argitzeke dago ere zenbat hektarea erre diren, hiru txostenetan hiru zifra desberdinak jaso direlako. "Hasiera batean 300 hektarea zirela esan zuten, gero 200 hektarea, 190 hektarea, eta azkenik 130 hektarea".