2017an, Gesaltza Añanako Gatz Haranak FAOren, Elikadurarako eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen, SIPAM Munduko Nekazaritza Ondarearen Sistema Garrantzitsuen saria lortu zuen, eta modu horretan, ekosistema berezien garapen iraunkorra sustatzeko Valsipam izeneko proiektua abiatu zuen. Aste honetan aurkeztu dute egitasmoa, herrialde askotako hedabideen aurrean.
Pablo Oraa Gesaltza Añanako Gatz Harana Fundazioaren kudeatzaileak nabarmendu duenez, nekazaritza ondarea diren Europako hegomendebaldeko herrien aitzindaria da Gesaltza Añana, urte luzez gatzagak berreskuratzeko egin duen lanari esker. Valsipam egitasmoaren itzalpean, herrien artean, sare iraunkorra sortu dute, ondare hori babesteko eta turismoaren baliabideak modu iraunkorrean ustiatzeko. "Nazioartean, Gatz Haranaren posizioa indartzeko balio du proiektuak, nekazaritzarekin eta baso zaintzarekin lotutako jarduera turistikoak sustatzeko, eta ildo horretan, orain arte izan dugun abangoardia rola mantentzeko". Izan ere, Oraak gogoratu duenez, Valsipam proiektuaren fundatzailea izan da Gesaltza Añanako Gatz Harana.
Egitasmoaren filosofiari dagokionez, erakarriko duten turismoa paisaiarekin eta lurrarekin lotuta joango dela azpimarratu du Gatz Haraneko kudeatzaileak. "Europako beste herrialde batzuetan, adibidez, industria eremuak turismo gune oso inportanteak dira; baina, paisaia batera edo nekazaritza sistema zahar batera bisitariak erakartzea ez da oso ohikoa. Hori da gure apustua".
Ildo horretan, "barrutik kanpora" hazteko konpromisoa berretsi du Oraak, eta turismo kanpainaren azken datuek bide onetik doazela erakutsi dutela esan du. Izan ere, 2019ko bisitarien datuak berdindu dituzte 2022an, eta pandemia aurretik zituzten nazioarteko turisten kopurua berreskuratu dute.
Hala, Valsipam proiektuak, modu koordinatuan eta transnazionalean, irtenbide berritzaileak eskainiko ditu desagertzeko arriskuan egon daitezkeen zenbait espazio biziberritzeko, "inguruko herrien eta populazioaren iraunkortasuna bermatuz". Turismo eskaintza alternatiboa sustatuko dute, beraz, biodibertsitatearekin, paisaiarekin, nekazaritzarekin, kulturarekin, basoen jarduerekin eta ondare kulturalarekin lotuta.
Nazioarteko sarea
SIPAM lurraldeen sareak honako gune hauek hartzen ditu: Espainiako estatuan, Gatz Haranarekin batera, mahatsa ekoizten duen Axarkia eskualdea (Malaga, Andaluzia), Valentziako Baratzak Ureztatzeko Sistema Historikoa eta Valentziako Seniako eskualdeko milaka urteko olibondoak. Portugalen, berriz, Serpa mendilerroko larreak eta Barrosoko nekazaritza eta artzaintza sistema. Frantziako estatuan, Cantaleko mendiak eta Marais Poitevin Parke Erregionala.
Espazio horietan guztietan jarduera desberdinak antolatu dira, Valsipam proiektuari esker, eta inguruko ekoizleak, ostatuak, ostalariak eta turismoaren sektoreko agenteak kontuan hartu dira. Añanako kasuan, zazpi esperientzia aukeratu dituzte Gatz Harana eta ingurunea ezagutarazteko.
Esperientzia berrien artean, Gatz Haranean zehar egingo duten baso bainua dago. Sei eta hamabost pertsona arteko taldeetan egiten da ibilbide gidatu berezia. Halaber, ekimen berrien artean, Gatz Haranaren sekretuak deskubritzeko asteburua antolatu dute. Asteburuko ihesaldi horren jarduera batzuk hauek izango dira: gatzaren dastaketa, argizarizko gatzontzi bat egitea, aire zabalean prestatutako zurezko tina batean bainu bat hartzea eta tokiko gastronomia dastatzea Añanako gatza erabiltzen duen Idiazabal jatorri izendapeneko gaztandegi batean.
Egun batez gazkina izateko lantegia ere eskainiko dute, modu ludikoan eta dibertigarrian Gatz Haranean gatza nola ekoizten den gertutik ezagutzeko. Gatzagen biodibertsitatea, landaredia eta fauna ezagutzeko ere egun erdiko jarduera aurreikusita dago, eta errealitate birtuala erabiliz gatzagen historia ezagutzeko aukera. Bestalde, esperientzia gastronomikoa eskaintzen da Almazen (Gesaltza Añana), La Era (Aixkoeta) eta Los Canonigos (Valpuesta) jatetxeetan.
Valsipam proiektua 2020ko azaroan abiatu zen, eta proiektua ezartzeko fasea 2023ko otsailean amaitzea aurreikusten dute. Ekimen honek 1.140.000 euroko aurrekontua du guztira, eta horietatik 855.000 euro EGEFtik (Eskualde Garapeneko Europako Funtsa) datoz.