'Txikikondairak' liburua argitaratu du Uzanzak

Erredakzioa 2022ko ira. 14a, 16:49
'Txikikondairak' ipuin liburuaren azala. UZANZA

Xandra Bilbao idazleak eta Fran Ferriz diseinatzaileak umeentzako sortu duten ipuinen liburua kaleratu berri du Kuartangoko argitaletxeak.

Zuhatzu-Kuartangoko bainuetxearen laborategian egoitza duen Uzanza argitaletxeak euskarazko bere lehen liburua argitaratu berri du, Txikikondairak, euskal mitologian oinarritutako haurrentzako ipuin liburua. Ipuin guztiak irudi atsegin eta modernoekin osatuta daude, eta liburuaren amaieran, gainera, irakurle txikientzat ariketak biltzen dira. Erabilitako tipografia, bestalde, dislexia duten umeentzat egokituta dago.

Xandra Bilbao (1986, Barakaldo) idazlearen azken lana da Txikikondairak, "jolasteko, irakurtzeko, ikasteko eta ilustrazioekin ondo pasatzeko" ipuin liburua. Helduentzako idazlea ere bada Bilbao, eta bere lehen eleberria 2020. urtean argitaratu zuen: El pacto de los Jentiles. Ondoren, zenbait kontaketa argitaratu dizkiote hainbat aldizkaritan, Caso cerrado: Relatos negros y otras historias eta Espiados: Antología de espías a cuatro manos. 2022. urtean, bere kontaketen antologia argitaratu zuen: En medio del espejo. Luz y oscuridad. Argitarapen horretan gogokoen dituen bi gaiei buruzko istorioak bildu ditu: euskal mitologia eta beldurra.

Liburuaren irudiak Fran Ferriz (1979, Villena, Alacant) ilustratzaile eta diseinatzailearenak dira. Hamabost urte baino gehiago egin du lan jostailuak diseinatzen, eta hainbat eta hainbat liburu irudiztatu ditu; 2016. urtean munduko 200 ilustratzaile onenetako bat dela aitortu zioten. 

Irailaren 23an zabalduko dute Txikikondairak Euskal Herriko liburu-dendetan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide