Gogotsu hurbildu dira arabarrak Angostora

Erredakzioa 2022ko irailaren 5a

Gogotsu eta azoka gosez hurbildu dira arabarrak igande honetan Angostoko santutegiko inguruetara, Gaubeara. ALEAk ere txoko bat izan zuen, Euskaraldiaren informazio gunean. 

Postuz postu ibili zen jende andana goizeko lehen ordutik, eta txikienak bihurtu ziren eguneko protagonistak, haientzat prestaturiko jarduera ugari baitziren; hala, Sobrongo Mamen Zuriren bustinezko tailerrak eta Kulkik antolatu zuen herri kirolek arrakasta itzela izan zuten familien artean.

Gainera, artzai txakurren erakustaldian ere jende asko bildu zen, eta Gaubeako Turismo Bulegoaren artelanen enkante solidarioan dirutza bat lortu zuten udalerriaren ondarearen sustapenerako.

ALEAk ere txoko bat izan zuen Angoston, Euskaraldiaren informazio gunean. Bertatik pasatu ziren euskaltzale guztiei Añanako Kuadrillan euskaraz eginen diren ekitaldietan parte hartzeko proposamena egin zitzaien.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago