Jordi Evole eta Coque Malla izango dira Kuartangoko Landa Kedada Handian

Erredakzioa 2022ko ira. 2a, 12:31

Topaketaren kartela. KEDADARURAL

Landa Kedada Handia izeneko topaketa egingo dute irailaren 23tik 25era Zuhatzu Kuartangon. Ekintzailetzarekin eta kultur sorkuntzarekin lotuta, makina bat jarduera antolatu dituzte hiru egunetan.

Talentua, kultura eta tradizioa. Hiru ardatz horietan oinarrituko da irailaren 23an, 24an eta 25ean, Zuhatzu Kuartangon egingo den landa eremuko topaketa. Espainiako estatu mailan antolatzen den Landa Kedada Handiak makina bat jarduera aurreikusten ditu hiru egun horietan. Tartean, larunbatean, kulturari dedikatutako egunean hain zuzen, La Pulga, Jordi Evoleren Los Niños Jesus taldea, Coque Malla eta Moonshine Wagon taldea izango dira.

Topaketa, Kuartango Lab herriko bainuetxe zaharrean dagoen berrikuntza eta ekintzailetza zentroak bultzatu du, eta Bikonsulting kooperatibak eta Last Tour enpresak antolatu dute. "Landa eremuak zeresan eta egiteko asko duelako, Landa Kedada Handiak bidegurutze bat izan nahi du".

Bertatik, besteak beste, landa eremuan lan egiten duten pertsonak eta erakundeak konektatu nahi dituzte, hirien eta herrien artean zubiak eraiki, lurraldeen aukerak eta abian jarritako proiektuak ikusarazi, eta landa eremuari buruzko ezagutza zabaldu eta eztabaida elikatu. Halaber, Kuartango Lab, Kuartangon abian jarritako berrikuntza eta ekintzailetza zentroari, haranari eta eskualdeari ikusgarritasuna emateko baliatu nahi dute topaketa.

Hitzaldiak musika eta azoka

Ostiralean, hilaren 23an, talentuan jarriko dute fokua. Bainuetxearen inguruko espazio desberdinetan banatuko dira mahai-inguruak, hitzaldiak, lantegiak eta esperientzia arrakastatsuen aurkezpenak, 10:00etatik aurrera; eta gonbidatutako hizlariek askotariko gaiak aztertuko dituzte: energia komunitateak, emakumea eta landatartasuna, laneratzeko esperientziak, coworking-a, etxebizitza… eta beste hainbat gai.

Hori guztia jai giroan egingo da, foodtruck-ak, jolasak, eta produktuen dastatzeak lagunduta, eta jendea ezagutzeko, harremanak estutzeko, kezkak partekatzeko eta komunitatea eraikitzeko aukera eskainiz.

Larunbatean, irailaren 24an, berriz, musika, antzerkia, literatura, ezagutza eta berrikuntza biltzen dituen programa jorratuko dute. Goizetik hasiko dira ekitaldiak. Bideojokoak egiteko lantegia izango da, yoga saio bat, idazleen eta editoreen arteko topaketa, Txikiyendas eta Las calvas existimos liburuen aurkezpenak, lurraldearen kudeaketa agroekologikoari buruzko lantegia, ibilaldi botanikoa eta kontzertuak. La Pulgaren emanaldia 13:00etan hasiko da; 18:00etan, berriz, Evoleren Los Niños Jesusen kontzertua; 21:30ean, Coque Mallarena; eta 23:30ean, Moonshine Wagon taldearen kontzertua.

Programa ixteko, igandean, sustraiei eta ohiturei omenaldia egingo zaie, azoka tradizionalen kontzeptua eraldatuz. Taldeko "landa argazkia" egiteko aukera eskainiko du Pilar Barco argazkilariak, Panta Rhei taldeak Izarren hartza aurkeztuko du, eta Vurroren kontzertua izango da, 13:00etan. Gainera, Kuartangoko antzerki taldeak Toc toc lana antzeztuko du. Landa Eremuko Kedadaren sarrerak lagrankedadarural.org webgunearen bitartez eskuratu daitezke.  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago