Angostoko azoka itzuliko da igande honetan Gaubeara

Erredakzioa 2022ko ira. 1a, 08:00
Angostoko azoka ospatuko dute igande honetan. PHOT.OK

Añanako Landa Garapenerako Elkarteak antolatuta, bi urteko hutsunearen ostean, igandean itzuliko da Angostoko Azoka. Arte solidarioen zozketa eta txapalarta lantegia izango dira, besteak beste.

XX. mendearen erdialdean, hamalau erromeria egiten ziren apirila eta iraila bitartean, eta horietako bakoitzean aurrez zehaztutako eskualdeko herri bateko edo batzuetako biztanleak biltzen ziren Angostoko santutegiaren inguruan. Hiru azoka ere egiten ziren bertan. Abuztukoak, antzinako mendeetako azoka, ganadua, bertako nekazaritza-produktuak eta artisauak biltzen zituen. Udazkeneko tenporak iritsita, uzta gehienak bildu ondoren, haraneko nekazariak traktoreekin ere joaten ziren santutegira, uztak eskertzeko.

Gaur egun, berriz, Gaubean, bi azoka nagusi daude:  irailean, Angostokoa, eta urrian, patatarena. Esther Durana Añanako Landa Garapenerako elkarteko teknikariak azaldu duenez, igande honetan, 10:00etatik aurrera, 60 artisau inguru bilduko dira Villanañeko Angostoko santutegiaren inguruetan antolatu duten azokan. "Produktoreak eta artisauak dira guztiak, ingurukoek lehentasuna dute, baina beste herrietatik ere etortzen dira, ahalik eta azoka aberatsena izatea nahi baitugu". Ganaduzaleak ere izango dira bertan, baita artzain txakurren erakusketa ere.

Nobedadeen artean, eguna zabaltzeko, Añanako Euskara Zerbitzuak txalaparta lantegia antolatu du, Txalamako taldeak gidatuta. Gainera, Sobrongo Mamen Zurik zeramika lantegia egingo du, 12:30ean; eta umeentzako herri kirolak izango dira, Kulki taldearekin, goiz osoan zehar. Gaitun elkarteak, berriz, emakume nekazarien argazki erakusketa osatu du, eta santutegiko baratzeko hormetan zintzilikatuko dira irudiak. Bestalde, azoka guztietan ezinbestekoa den osagai gastronomikoa ez da faltako, eta Angoston tripa betetzeko aukera izango da. Txosna, eta talo eta barrengorrien postuez gainera, aurten, eusko label oilaskoen eta hanburgesen dastaketa egingo da.

Artelanen zozketa

Bestalde, Gaubeako enpresarien elkarteak eta turismo bulegoak arte solidarioen zozketa antolatu  dute. Helburua da 1.200 urte bete dituen Tobillasko tenpluaren inguruan antolatzen ari diren jarduerak finantzatzea, eta bide batez, udalerriko ondarea babesteko ekimenak martxan jartzea. Turismo bulegoko arduradun Yolanda Sobronek azaldu duenez, zortzi bat artisten obrak bildu dituzte, eta enkantean jarriko dira. "Joseba Ibarrola margolari laudioarraren ideia izan da, obra batzuk oparitu zizkigun, eta hortik abiatuta pentsatu genuen inguruko artisten lanak biltzea". 

Euskaraldiaren postua

Goiz osoan zehar, 10:00etatik 15:00ak arte, zabalik egongo da ere 2022ko Euskaraldiaren inguruan informazioa zabaltzeko eta ekimenean izena emateak jasotzeko postua. Gainera, Añanako Kuadrillan, euskara ikasteko izena emateko kanpainaren inguruan ere zehaztasun guztiak emango dira bertan, eta ALEAk ere bere txokoa izango du. Informazioaz gainera, opariak eta sorpresak izango direla aurreratu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide