Hondamenditik salbatzeko asmoz erosi zuen 2016an Valentin Angulok Gesaltza Añanako Zanbrana-Herran jauregia. Gazkina da Angulo, eta urte luzez Gatzaga elkarteko lehendakaria izan da. Orain, jauregia berreskuratu, birgaitu eta bisitarientzat ireki nahi du, eraikinaren eta Gesaltza Añanako historiaren lekukotza emateko.
Proiektuaren lehen urratsa iragan urtean egin zuen; jauregiaren teilatua konpondu zuten, jatorrizko egitura arkitektonikoa errespetatuz. Aurten, gainera, Arabako Foru Aldundiaren Kultura sailak ondare arkitektonikoa babesteko zuzenduriko diru laguntza bati esker, jauregiaren barrualdean lanean ari dira, bertako paper margotuak eta hezetasunagatik hondatutako egiturak berreskuratzeko. Euskal Herriko Unibertsitateko adituak ari dira obra hori zuzentzen.
Familiak, 80. hamarkadara arte, uda igarotzeko erabili zuen jauregia. Gainera, hirugarren solairua ere hainbat familiek okupatu zuten. Halere, 40 urte luzez abandonatuta egon eta gero, familiaren ondorengoekin harremanetan jartzea erabaki zuen Angulok, jauregiarekin berarekin eta familiak zituen 248 larrainekin zer egin behar zuten argitzeko. Hor hasi zen berreskuratzeko prozesua. Larrainak gordetzeko interesik ez zuen familiak eta Gatzaga Elkartearen esku utzi zituzten; jauregia, berriz, Angulok hartu zuen.
Landa eremuko bitxia
Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen Zanbrana-Herran jauregia, 2008. urtean. Izan ere, jauregi bikaina da, lurraldeko ederrenetakoen artean dago, oinplano karratukoa da, eta lorategiez inguratuta dago. Gesaltza Añanako Ozpinatarren etxearekin batera, Arabako landa eremuko etxe barrokoen adibide nagusiena da.
1695. urtean hasi ziren eraikitzen, Gesaltza Añanako gatzagen erregearen administratzaile Pedro Zanbranak aginduta. Jauregiaren estilo barrokoak XVII. mendearen arkitektura korronte bereziei jarraitzen die. Jauregiaren diseinua Phelipe del Castilloren lana izan zen, eta hainbat lagunen artean exekutatu zuten: Mathias Castillo, Matheo del Rio, Juan Garcia Blanco, Santiago Lasekada eta Pelayo Labin.
Eraikinean, Bergondako eta Larrazubiko harrobietako harria erabili zuten, eta intxaurrondoen egurrarekin eginda dago etxearen egitura nagusia. Gainera, landutako burdinaren adibide bikainak ikus daitezke jauregiaren bederatzi balkoietan eta leihoetako barroteetan.
Pedro de Zanbranaren alaba, Matea de Zanbrana, jauretxeko oionordeko bakarra zen, eta bere esku geratu zen familiaren ondasun guztia, 1792. urtean, politiko liberalen familia ospetsuaren oinordeko Gregorio Herranekin ezkondu zen arte.