Edozein urtaroko hilabeteko lehenbiziko igande batean, goizez, abiatu daiteke Hodei Arrausi EITBko kazetariak proposatu duen ibilaldia, Uribarri Gaubeako frontoian egiten den tokiko ekoizleen merkatuan motxila ondo hornitu ostean. "Hamarretakoa egiteko, Zaballako Ugalako gazta eta Valpuestako ogia hartzea izan daiteke aukera on bat", esan du. Frontoia atzean utzi du Arrausik, eta gora doa, Valparaiso aldera, eskalatzaileen paradisura. "Zaletasun bat daukat, eskalada, hemen aukera izugarria dago, goi mailako jendea ibiltzen da, baina gutxi ibiltzen garenontzako ere tokia dago, eta leku zoragarria da niretzat".
Valparaiso aspaldi ezaguna da kirolarien artean. Uribarri Gaubeatik bertara iristeko pista bat dago, oinez bakarrik erabil daitekeena. Garai batean, arazoak sortu ziren Gaubeako bizilagunen eta bisitarien artean, pistaren eta Valparaisoko zelaien eta pareten erabileraren inguruan, eta ordutik araututa dago bertan kirol jarduera. Hortaz, debekatuta dago kotxez zelaietara igotzea, bertan kanpatzea, eta Valparaisoko zenbait zonaldetan –nekropoliaren inguruan– mugatuta dago eskalatzea.
Gaubea eta Burgos iparraldeko mendilerroen ikuspegi ederra dago San Pedrotik
Arrausiren txangoa Valparaisoko zelaietan amaitzen da, baina aurretik San Pedroko eskalada eremua eta haitza ezagutzeko proposamena egin du. "Berez, lekua oso ederra da. Zure pareta zatitxoan jolastu dezakezu, eta gizon eta emakume gazteak ikusiko dituzu eskalatzen; Valparaisoko txoko hori oso gustukoa dut, neguan dena elurtuta dagoenean, udazkenean, errekatik ura erortzen denean…, San Pedrotik Peña Karria eta inguru guztia ikusten duzu". Bertara iristeko Valparaisoko pistan, eskumara, itxitura bat zeharkatu eta mendiko bidea hartu behar da, pinuen eta arteen artean dagoen aldapa piko bat igotzen hasteko. Laster iritsiko gara San Pedroko eskalada eremura; hori igaro eta aldapan aurrera eginez, bidegurutze batera iritsiko gara, orduan ezkerrera jo behar dugu, San Pedroko haitza ikusi arte. Lainoaren baimenarekin, eguna argia bada, bertatik Gaubeako eta mugakide den Burgos iparraldeko mendilerroen ikuspegi ederraz gozatu daiteke.
Tontor horren goialdean, gainera, Burdin Garaiko herri gotortu bat zegoen, eta hilobiak ere aurkitu dira. Toki berean, Erdi Aroko goi mailako koba artifizial txiki bat dago, El Horno de los Moros izenekoa.
San Pedrotik Valparaisora joateko ez da zertan bide berdina hartu behar, ostera, haitzetik behera doan eta El Raso mendiaren jaitsierarekin gurutzatzen dena hartu daiteke.
Txina connection
Gasteizen jaio eta bertan lan egiten duen arren, duela bi urte Espejoko bizilaguna da Arrausi. Alta, hurrengo asteetan maletak egin eta Bilbora mugituko da kazetaria, nahiz eta epe ertain batean Gaubeara bizitzera itzultzeko asmoa duen, bikotearekin. "Gurasoek orain dela hogei bat urte erosi zuten etxea Espejon, eta Txinatik itzuli nintzenean erabaki nuen bertara bizitzera joatea".Udalerrian dagoen lasaitasuna eta bakartasuna atsegin ditu Arrausik, eta Gaubean ez du Txinako berriemaile garaiak faltan botatzen.
Udalerrian dagoen lasaitasuna eta bakartasuna atsegin ditu Hodei Arrausik
"Lehen urtea oso gogorra izan zen, baina gero ohitu nintzen, eta lau urte eman nituen lanean bertan". Bere ordez Txinara joan zen orduan Añanako Kuadrillarekin maitemindu den beste kazetari bat, Vanessa Sanchez, Rutas de Ribera egitasmoaren sustatzailea.
Txinako esperientziak begiak zabaltzen lagundu diola aitortu du Arrausik, eta munduaren parametroak eta interesguneak beste ikuspuntu batetik ulertzen. "Uste dut jada ez bada, etorkizun hurbil batean gauzak aldatuko direla, eta beste leiho bat irekitzea komeni dela", esan du.
Ingurumenarekin kezka berezia du kazetariak, eta Gaubean aurkitu du zaletasun horri ere eusteko modua. Lur zati bat erosteko asmoarekin ibili da Arrausi, Espejon bizitzen hasi zenetik, baina azkenean ez du lortu. "Gaubeako ureztatzaileen elkartearekin ere harremanetan jarri nintzen, eta galdetu nien ea aukera zegoen lur zatiren bat erosteko, baina ezetz esan zidaten, ez zegoela ezer, eta alternatiba bila edo erleetara jotzea okurritu zitzaidan".
Gauza gutxi zekien erlezaintzari buruz, eta Gaubeatik ibili zen erleekin zebilen norbaiten bila. "Nonbait irakurri nuen Fresnedako Samuel eta Begoña zirela Arabako txapeldunak, eta haiengana jo nuen, eta oso jator hartu ninduten. Erlauntzak nola zaindu eta eztia nola egiten zuten irakatsi zidaten, eta iaz ere eztia ateratzen lagundu zidaten". Egun, erlauntza batzuk ditu Angosto inguruan, eta beste batzuk Larrazubiko Larrateko baratze ekologikoaren Josu Santamariaren fruta arbolen sailean. "Ezagutzen nuen, eta baratzerako erlauntzak jartzea interesatzen zitzaion galdetu nion, eta baietz esan zidan. Iaz jarri nituen bertan, eta aurten beste batzuk jarri ditut Angoston. Beste pizgarrietako bat da hemen geratzeko".