Gaubeako eskola garraioa, konponbide baten zain

Erredakzioa 2022ko uzt. 6a, 10:30
Gaubea, airetik ikusita. / ALEA

Udalerriko eskola garraioaren egoera aztertzea eta konponbide bat bilatzea eskatu dio EH Bilduk Gaubeako Udalari. "Funtsezko zerbitzu batean ez da aurrerapenik egin, eta ikasleak alternatibak bilatzen ari dira", salatu dute.

Erregistratu berri duen mozio batean, sei hilabeteko epean udalerriko eskola garraioaren egoerari buruzko azterlan zehatz bat egitea proposatu dio Gaubeako EH Bilduk Udalari, horretarako familien eta ikasleen parte hartzea bermatuz. "Kalitatezko zerbitzurik ez dagoenez, ikastetxera joateko beste aukera batzuk bilatzen dituzte, besteak beste, etxebizitzak alokatzea", ohartarazi du udal talde subiranistak.

Modu horretan, 30 herrigune dituen udalerriko arazo honi "behin betiko konponbidea" bilatzea da EH Bilduren helburua, eskualdean bizitzea eta Gasteizen ikastea bateragarria izateko. Irtenbideak bilatzeko Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta beste erakunde batzuen inplikazioa ere lagungarri izan daitekeela deritzo EH Bilduk.

Josu Elorrieta Gaubeko EH Bilduko bozeramaileak nabarmendu du eskola garraioa bezalako zerbitzuak "funtsezkoak" direla biztanleria finkatzeko eta Arabako herriek pairatzen duten pixkanakako despopulazioa geldiarazteko. "Badira urte batzuk Hezkuntza Sailak 12 urtetik gorako ikasleei eragiten dien zerbitzu hori murriztu zuela, eta oraindik orain ez da arazoa konpondu", deitoratu du zinegotziak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide