Bi lagun atxilotu dituzte Iruña Okan, eraikuntza makinetatik gasolioa lapurtzeagatik

Erredakzioa 2022ko eka. 16a, 17:00
Guztira 25 litro gasolio lapurtzea egotzi diete. / Argazkia: PIXABAY

Bart goizaldean, Miñoiek 28 eta 39 urteko bi gizon harrapatu dituzte Iruña Okan eraikuntzako hiru ibilgailutan erregaia lapurtzen. Indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta, Ertzaintzak atxilotu egin ditu.

Ostegun honetako 03:30ak aldera, Miñoien Ataleko baliabide batek eraikuntzako makinak aparkatuta zeuden leku batetik irteten ikusi duen furgoneta bat geldiarazi du Iruña Okako Mentevite auzoan.

Ertzaintzaren patruila batekin elkarlanean, furgoneta aztertu eta 24 ontzi aurkitu dituzte atzekaldean. Bertan, erregaiz betetako hamaika ontzi topatu dituzte, guztira 25 litro gasoliorekin; horrez gain, bateriadun ponpa xurgatzaile bat, diametro ezberdinetako hainbat mahuka, zulatzeko bi makina, ebakigailu erradial bat, linternak eta beste hainbat erreminta aurkitu dituzte furgonetan.

Bitartean, Ertzaintzaren beste patruila batek egiaztatu du inguruan aparkatuta zeuden eraikuntzako hiru ibilgailutako tapak bortxatuta zeudela, eta ibilgailuen azpian gasolio arrastoa zegoela.

Horren aurrean, Ertzaintzak ustezko bi lapurrak atxilotu egin ditu, indarrez lapurreta egitea egotzita. Atxilotuak Ertzaintzaren Lakuako egoitzara eraman dituzte, polizia-eginbideak abiatzeko. Bi atxilotuak goizean zehar eraman dituzte Gasteizko Guardiako Epaitegira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide