2020an bi baino ezin izan zituzten egin, eta iaz, salbuespen gisa, sei egin zituzten. Aurten, ohiko lau larunbatetako formatura itzuliko da Gaubeako Shubertaldia bere bosgarren edizioan. Bachicaboko San Martin eliza eta Tuestako Andra Mariaren eliza izango dira, berriz ere, agertoki nagusiak.
Hanson laukoteak zabalduko du musika klasikoaren jaialdia, uztailaren 2an. Haydn-en harizko laukoteak bihurtu ditu taldeak bere musikaren eta estetikaren sinboloak. Era berean, Toshio Hosokawa, Wolfgang Rihm edo Mathias Pintsch konpositore garaikideen obrak interpretatzen dituzte. 2016an, bigarren saria eskuratu zuten Genevako Nazioarteko Musika Lehiaketan, eta bigarren saria ere Vienako Joseph Haydn Ganbera Musikako Nazioarteko Lehiaketan.
Carmen Artaza mezzosoprano donostiarra izango da Tuestako elizan, uztailaren 9an, Hilko Dumno pianistarekin batera. Mezzosopranoak Lehen Sari Nagusia jaso zuen 2021eko urtarrilean Francesc Viñas Nazioarteko Tenor Kantu Lehiaketaren 58. edizioan, eta Mozart Saria eta Publikoaren Saria ere irabazi zituen, beste hiru sari berezirekin batera.
Erika Baikoff sopranoa izango da hirugarren kontzertuaren protagonista. Metropolitan Operako Lindemann Young Artist Development Programan parte hartzen du egun; eta 2018 eta 2020 artean, Lyongo Opera Nazionaleko Studioko kide izan zen. Bosgarren jaialdiaren amaiera bikaina bermatuko dute, uztailaren 23an, Arnau Tomas biolontxelistak eta Abel Tomas biolinistak. Bach-en errepertorio zabala eskainiko dute musikari katalanek Bachicaboko elizan, 20:00etan.
Gaubeako Udalak eta aldundiak sustatzen duten jaialdiaren sarrerak salgai daude Kutxabanken webgunean.