Iruña Okako Los Llanos industrialdean kokatuta dagoen Fernando Martinez de Ilarduia suhiltzaile parkea handitzeko lanak esleitzeko prozesua abiatu du Arabako Diputazioak. Egun dauden instalazioek 4.115 metro koadro hartzen dituzte, eta lursail berria egokitu ondoren beste 5.200 metro koadro izango dituzte.
Zerbitzuari dagozkien maniobra eta antzeko jardunak errazteaz gain, bertan heliportu bat jartzeko baliatu nahi dituzte lanak. Orotara, 571.946 euro bideratu dituzte.
Lurzoru berrian ibilgailu astunak ibiltzeko moduko zoladura jarriko dute, eta inguruan ere argiak eta hesiak eraikiko dituzte. Horretarako, orain dauden egitura batzuk kendu eta mugitu beharko dituzte. Heliportuak beharko dituen instalazio osagarriak ere aintzat hartzen ditu proiektuak, hala nola argindarra, ura eta telekomunikazioak bideratzeko azpiegiturak.
Parkea 2018tik dago martxan, eta 24 orduko zerbitzua ematen du. 2016an diputazioak azaldu zuen bertan suhiltzaile parke bat jartzeko asmoa, eta 2,3 milioi euro bideratu zituen horretarako. Kokalekua aukeratzeko arrazoien artean, diputazioak nabarmendu zuen ondo komunikatuta zegoela eta Iruña Okako Udalak halako azpiegitura bat jartzeko moduko lursaila zuela eskura. Izena Arabako suhiltzaileen buru izandakoaren omenez jarri zioten: 2016an hil zen Martinez de Ilarduia, 56 urte zituela.
Sei hilabete
Lanak gauzatzeko sei hilabeteko epea ezarri du aldundiak. Lehen hilabetean orain dauden hesi eta lanpara batzuk mugituko dituzte, eta lur mugimenduak egingo dituzte. Azpiegitura berriak eskatzen duen saneamendu sare berria hirugarren hilabetean prest edukitzea espero dute, eta seigarren hilabetean jarriko dute zoladura eta LED argiztapen berria.
Parke honetaz gain, foru sarea osatzen duten beste parkeak Guardian, Aiaran, Kanpezun eta Espejon kokatuta daude.