Bilbotik Bovedara mugitzen da maiz Jon Benito Iza biologoa (Bilbo, 1958), duela zortzi bat urte bertan etxea erosi zuenetik. Ordutik txundituta dago bere bigarren herriko naturaren aberastasunarekin. "Mendebaldeko udalerri honetan, zorionez, oraindik ere mundu basatia da nagusi". Hainbeste atsegin du Gaubeako ingurumena blog bat ere zabaldu berri duela Un naturalista por Valdegovía tituluarekin. "Baso batetik, ibai batetik edo mendi baten tontorrera noan bakoitzean naturak eskaintzen dizkidan xehetasunak erakustea" da bere helburua. Ez da hasiberria zeregin hauetan, Sua argitaletxearekin Rutas botánicas por parajes de ensueño argitaratu baitu, eta dozenaka kolaborazio egin ditu aldizkarietan.
Zer eduki mota biltzen ari zara 'Un naturalista por Valdegovía' Gaubea inguruko blogean? Ibilbide botanikoak dira?
Denetarik da, ez dira bakarrik ibilbideak. Tituluak esaten duen moduan, naturalista baten kontakizunak dira.
Zergatik sortu duzu bloga?
Une honetan erretiratuta nago, biologoa naiz formakuntza aldetik, eta biologiako irakaslea izan naiz orain arte institutu batean. Duela hogeita hamar bat urtetik hona natura argazkiak egin ditut, eta hainbat aldizkaritan parte hartu dut: El Mundo de los Pirineos, Zazpika, Euskal Herria, Nora… Baina papera desagertzen ari da, eta aldizkari gehienak itxi egin dituzte. Gaubeako artxibo handi bat dut, hemen beti ibili izan naizelako argazkiak egiten, landareenak batez ere, animaliak gaiztoak direlako eta mugitzen direlako kar-kar; eta horregatik pentsatu nuen hori guztia nonbaiten argitaratzea eta bitxikeria batzuk kontatzea norbaitek irakurri nahi izatekotan. Horrela sortu zen kontua.
Urte hasieran hasi zinen, ezta?
Lau hilabete daramatzat, eta 30 sarrera egin ditut, 4.000 bisita izan ditut orain arte. Pozik nago.
Zer eskaintzen du natura aldetik Gaubeak?
Hemen natura basatia da. Gizakiak ukitutako zati bat dago, laboreak dituena, baina gainontzeko guztia mendia eta basoa da. Ni bizkaitarra naiz, eta klima eta landaredia aldetik desberdin samarra da. Hemen, gainera, udaberria txundigarria da, hemen dagoen aberastasun botanikoa ikaragarria da, eta horrekin asko disfrutatzen dut: arakatzen, ikusten, argazkiak egiten. Azkenean pentsatu nuen buruan edo ordenadorean sartuta nuen hori guztia nonbaiten gorde eta zabaldu behar nuela.
Nola aukeratu dituzu argitaratu dituzun hogeita hamar artikulu horiek?
Bi motatako sarrerak egin ditut, eta ikusten dut estatistiketan zenbat bisitari sartzen diren bakoitzean. Batzuk dira txangoak, zirkularrak, mendien inguruetan, eta hor ikusten dut bisita gehiago daudela, interes handia pizten dutela; eta beste batzuk tematikoak dira, gustuko dudan landare baten inguruko historia kontatzen dut. Asko gustatzen zait etnobotanika, hau da, landare horiek gizakiok nola erabili izan ditugun historikoki, ez sendabelar moduan bakarrik, edozein gauza egiteko. Ez dut deskribapen soil bat egiten, hainbat petalo edo hainbat zepalo, hori gogaikarria da, adituentzat salbu, baina adituek ez dute nire bloga irakurriko. Dibulgazio mailan jendeak eskertu dit egin dudan lan hori.
"Gaubean udaberria txundigarria da, aberastasun botanikoa ikaragarria da"
Landare berezi bat aukeratu beharko bazenu, zein izango litzateke?
Aukeratzekotan orkideak, basoko orkideak. Gainera orain da horien sasoia, eta Gaubean espezie asko dago: orchis, ophrys, anacamptis… Sua argitaletxearekin, adibidez, liburu bat egin nuen, Rutas botánicas por paisajes de ensueño izenekoa, eta hor eskualde honetako hiru txango jaso ditut: bata da Gesaltza Añanatik Arreora doana; bestea da Coronas mendia, Valderejon, eta hor orkideen ibilbide bat dago; eta hirugarrena Santa Katalinako lorategi botanikoa da, baina zoritxarrez orain itxita dago.
Espezie moduan, beraz, landare bereziak dira orkideak. Zergatik?
Landare bakar bat ere ez nuke aukeratuko, baina talde bezala orkideak aukeratuko nituzke, dudarik gabe. Biologikoki oso bitxiak dira, goi mailako eboluzioa eduki dute, eta intsektuekin batera egin dute eboluzioa. Beste alde batetik, orkidea beti oso gauza exotikoa iruditu izan zaigulako, saltzen dituztelako dendetan, oso handiak eta oso exotikoak direlako, baina basoko orkideak ere oso politak dira. Gauza da hurbildu behar zarela. Horretarako nago ni.
Argitaratu dituzun txango horietan, landareez gainera, beste zerbait aurki daiteke?
Bai. Fosilak ere sartu ditut, eta anfibio batzuk, tritoia edo arrabioa. Onddoak ere, eta fauna ahal dudan neurrian, baina zaila da.
Udaberria da zuretzat urtarorik emankorrena?
Orain, ziur aski, estresa sortuko zait. Etorri naiz bidean loraketa ikustera, eta, edo lasaitzen naiz pixka bat edo urduri jartzen hasiko naiz, ezin dudalako nahi dudan guztia hartu. Adibidez, Espejo eta Añana artean, eguzkiak gehiago jotzen duelako edo espazioa zabalagoa delako, hor udaberria ikaragarria da, Bizkaian edo Gipuzkoan ez duzu horrelakorik topatuko inolaz ere.
Nondik hasiko zara udaberriak eragin dizun estresa arintzen?
Lagun batek esan dit Estulizen badagoela txango zirkular bat, eta agian horra joko dut.
Inguruan dugun landaredia oso gutxi ezagutzen dugu.
Bai. Oso gutxi. Ikusten dugunarekin konformatzen gara, baina espezie bakoitzak badu historia bat kontatzeko, gero kontua da ondo edo gaizki kontatzea. Blogarekin istorio horiek kontatu nahi ditut.
Etnobotanika da gehien interesatzen zaizun atala?
Ez, ez bakarrik. Noizean behin aspektu biologiko hutsak ere oso interesgarriak dira. Adibidez, bada orkidea bat erle-lorea edo erle-belarra izena duena. Zuk ikusten duzu lore hori eta erlastar bat ematen du, eta forma hori hain justu landareak sortu du eboluzioarekin erleak erakartzeko eta polinizazioa errazteko, goi mailako eboluzioa da. Hori biologia hutsa da, baina ondo kontatuta oso polita da. Edo landare pozoitsuak. Horien inguruan berariazko sarrera bat egingo dut udazkenean, horiek fruituen bidez identifikatzen direlako batez ere. Basaperrexila (Cicuta), adibidez, ez da apenas bereizten, eta toki guztietan dago; aurreko egunean tabernara eraman nuen, eta jendea harrituta zegoen. "Hau da basaperrexila?", galdetzen zidaten. Horiek ikuspuntu biologiko batetik badute zer kontatzeko: pozoitsuak dira, bihotzekoak sortzen dituzte; eta beste batzuk badute aspektu etnobotanikoa eta magikoa ere, ez berez magikoak direlako, baizik eta lehen uste zutelako jainkozko propietateak zituztela.
"Asko gustatzen zait etnobotanika, hau da, landare horiek gizakiok nola erabili izan ditugun historikoki"
Denetariko paisaiak eta landareak ezagutu eta gero, zergatik zentratu zara Gaubean?
Euskal Herri osoa zeharkatu dut, mendiak eta basoak, aldizkarietan enkarguak egiten zizkidatenean, baina orain nire ihes egiteko modua Bovedara joatea da, eta urtean zehar nire paradisua da. Hemen aukera asko ditut, ordubete batean egiten dut txango bat eta fosilak edo onddoak topatzen ditut; dena da oso basatia eta oso bizigarria, horregatik bloga Gaubeari buruz egin nahi izan dut.
Gaubean bertan badaude alde botaniko desberdinak?
Batez ere hegoaldea dago, karraskaz beteta, eta iparraldea, non pagadiak eta harkaitzak aurkitzen ditugun, eta kareharri horiek ere ikaragarriak dira; landare errupikolak aurki daitezke, oso ederrak, batzutan norbaitek zizelkatu dituela ematen du. Hor badago txango bat La Horcatik Recuenco mendira, non arteak, pinuak, pagoak eta ezki pare bat ere aurkitu ditzakegun. Eta errekek ere badute bere ekosistema propioa.