IRUÑA-VELEIA

Eskola bihurtu nahi dute

Juanma Gallego 2022ko mai. 26a, 08:00

Aztarnategiaren izaera turistikoa indartu nahi dute; hortaz, harrera zentro berria jarriko dute. ALEA

Iruña-Veleiako aztarnategian milioi bat euroko inbertsioa iragarri dute instituzioek, 2025. urterainoko estrategiaren aurkezpenean. Helburuetako bat izango da aztarnategi eskola eta laborategi bilakatzea.

"Etapa bati amaiera" ematea. Ez da aurreneko aldia Iruña-Veleiaren inguruan instituzioek horrelako zerbait esaten dutena, baina joan den ostiralean Ana del Val Kultura diputatuak Batzar Nagusietan egindako agerraldian komodina berriro atera zen mahai gainera. Behin grafito faltsuen inguruko auzi judiziala itxita, diputazioa zein Jaurlaritza aztarnategiaren ingurukoak berrasmatu nahian ari dira. Ondorioz, iragarri dute zein izango den datorren helburu nagusia: aztarnategi-eskola eta ikerketa praktiketarako laborategia bihurtu nahi dute Iruña-Veleia. 

Norabide horretan, diru kopuru garrantzitsu bat iragarri dute: milioi bat euro baino gehiagoko inbertsioa egingo dute datozen bi urteotan. Diru horretatik gehiena Europatik etorriko da, Next Generation funts ezagunen kontura. Europako Batzordeak birbanatutako diru kopuru horretatik 900.000 euro bideratuko dira. Jaurlaritzak 150.000 euro jarriko ditu, eta diputazioak beste 100.000 euro, 1,15 milioi euroko kopurua osatu arte. 

Del Valek orain arte inbertitutakoa gogora ekarri du, oraingo kopuruaren tamaina irudikatzeko: azken hamabi urteetan 2,3 milioi inbertitu dira aztarnategian.

Iruña-Veleia biziberritzeko eta garatzeko proiektua 2022-2025 izena eman diote egitasmoari, baina 2025. urtean datozen hamar urteetarako ikerketa lerroak ere finkatuta eduki nahi dituztela aurreratu dute. Diputatuak argudiatu du proiektuaren "xehetasunak" Jaurlaritzarekin osatzen ari direla oraindik, baina ziurtatu du bi erakundeek "jauzi kualitatibo eta kuantitatibo" bat egiteko asmoa dutela.

Prospekzio geofisikoak

Ikerketa lerroei eta aztarnategiaren kudeaketari dagokienez, momentuz ez dute aldaketa nabarmenik iragarri. Hala, "ikerketa arkeologikoko lanei jarraipena" egingo zaiela aipatu dute; modu berean, kontserbazio lanek segida izango dute. Arlo horretan, "prospekzio geofisikoak"iragarri dituzte. 

Kudeaketaren alorrean, bisitarientzako harrera zentro berria eraikitzeko asmoa azaldu dute; inguruan ere laborategi bat kokatu nahi dute, antza, aztarnategi-eskola izaera horri begira. Turismoa indartzeko,"kalitatezko baliabide turistiko eta kultural garrantzitsu" bihurtu nahi dute hiri erromatarra; horretarako, "marka irudia" landuko dute. Momentuz, Arkikus enpresak sakelako telefonoetarako landu duen errealitate birtualeko aplikazio baten berri eman dute.

"Aurreko esperientziaren ondorioz, helburu zehatzak dituen proiektu bat diseinatu nahi izan dugu, aurrekoa baino epe laburragoan, etorkizun argi eta hurbil bateranzko trantsizioa egiteko", adierazi du Del Valek. "Orduan bai, erabaki egonkorragoak eta epe luzekoak hartzeko moduan" egongo direla aurretatu du. 

Ostiraleko agerraldia erabili dute ere 2010-2020 Plan Zuzentzailearen ondorioak aurkezteko. Bertan jasota dago hamarkada horretan egindako lan zientifikoa. Emaitza horiek aldundiaren webgunean ere jarri dituzte, interesa dutenen eskura. "Aurrez aurre izan dituen aurkako inguruabar guztiak gorabehera", plan horretan adierazitako "helburu gehienak modu egokian" lortu direla adierazu du diputatuak.

Bestetik, 2035. urterainoko ikerketa estrategia finkatu beharra dagoela uste dute erakundeek. Momentuz, Del Valek iragarri du lantalde bat osatu behar dela, eta izan behar dela "diziplina artekoa, zabala eta trebea".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago