Gure bazterrak

Zadorran, bi zubi eta lau errota

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko api. 24a, 10:00

Tresponde eta Langraiz Oka lotzen dituen ibilbideari esker, ibaiaren ustiapenarekin lotutako aztarna eta historia ugari aurkitu daitezke; halaber, bi zubi enblematikoak ezagutzeko aukera ezinhobea dago.

Zadorrak tarteka eragiten dituen uholdeengatik ezagunak dira Billoda zein Tresponde; halere, bertatik igarotzen da ere Arabako ibai nagusia zeharkatzen duen eta herri horiek Langraiz Okarekin lotzen dituen Zadorrako Bide Berdearen zati nagusia, Iruña Okako bi zubi nagusiak eta bertako lau errota erakusten dituen ibilbidea.

Txangoa Tresponden hasi daiteke, bertako zubitik hain zuzen. Eusko Jaurlaritzak Kultura intereseko ondasun izendatu zuen bere garaian, eta halaber, 1916tik, Arabako Lurralde Historikoan aitortutako lehen monumentu nazionala da. Erromatar zubi gisa hartzen da tradizioz, Iruña Veleiako oppidumaren muinotik hurbil dagoelako, baina ez dago haren jatorria frogatzen duen ikerketarik. Punta-erdiko hamahiru arkuk osatzen dute Trespondeko zubia: lehenengo sei arkuak garai zaharrenekoak dira –litekeena da hasieran sei arku horiek baino ez izatea–, hurrengo bostak berriagoak dira, eta azken biak modernoak.

Garaboko errota Arabako irin fabrika onenetako bat izan zen XIX. mendean

Eraikuntza enblematiko hori eta ondoko Billodako zubia lotzen dituen ibilbideak ez du aparteko interesik, baina inguruan daude Iruña Veleiako erromatar hiria, eta, aurten itxita baldin badago ere, bisitari ugari erakartzen duen Santa Katalinako lorategi botanikoa. Bi espazio horietan, hurrenez hurren, Erromatar Inperioaren eta XIII. mendeko Martinez de Iruña familia boteretsuaren historiak ezagutzeko aukera eskaintzen du.

Billodako hamar begiko zubi ederra, berriz, XIV-XV. mendeetakoa da, baina jendartean ezaguna da Erromatar Zubia izenaz ere. Meandro handi bat egiten du Zadorrak Billodan, eta ibaiaren bi adarren artean geratzen da herria. Iparraldera dago zubia, Gasteizko irtenbide naturala; hegoaldean, berriz, Garaboko pasabideak zeuden –antzinako harrizko pasaguneak–, Langraiz Okara joateko. Aspaldi, gainera, soka batekin lotutako txalupa batean pasatzen ziren ertz batetik bestera Billodako herritarrak negu partean.

Zadorrak markatu du aspalditik ibaiertzeetako herri horien erritmoa, eta horren adibide dira Billoda eta Langraiz Oka arteko bost kilometroko ibilbidean agertzen diren errotak. Lau dira guztira: Axpe, Garabo, Arbina eta Sorribas.

Gaur, Arbinako XVIII. mendeko errota da bisitatu daitekeen bakarra. Billodatik urrun samar dago, ibilbidearen saihesbide batean, Zadorra ibaiaren eskuineko ertzean. Irina lohitzeko erabiltzen zuten, eta duela urte batzuk berreskuratu zuten.

Irina eta argia

Aurrean dago XIX. mendean Arabako irin fabrika onenetakoa izan zen Garaboko etxe-errota. Hiru solairu ditu, eta hiru metroko altuerako eta 70 metroko luzera duen harlanduzko presa. 1576. urtera arte, Catalina Gonzalez Argantzongo bizilagunarena izan zen, baina urte horretan Badaiako Santa Katalinako komentuari saldu zion 960 dukaten truke. 1920an, argiaren fabrika zuten, irin-fabrikaz gainera, eta Trespondeko Axpe errota ere martxan jarri zuten, argi fabrika osagarri gisa, inguruko herriak argiztatzeko. Halaber, Sorribas pentsuen biltegiarekin batera, beste errota bat eraiki zen, XX. mendean, irinak egiteko.

Garabo eta Axpe erroten kasuan bezala, Sorribaskoa ere ikutu gabe daude, eta aurreikusita baldin badago ere, oraindik ez da urratsik egin horiek berreskuratzeko.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide